Ispiluan: Biktimismoan jarraitu gura badozu, hau ez da zuretzat

Erabiltzailearen aurpegia t: Einer Larrabeiti 2021ko ots. 25a, 09:01

Gogoan dozu nork erakutsi zizun “diruak usteldu egiten gaituela”? Noz hasi zinan zure hurbilekoenek dinoana egiatzat hartzen? Ba al dakizu zure argudioak zugandik jaio diran ala imitatu egiten dozuzan?

Berbak gauzak izendatzeko balio dabe. Ezta? Sarritan, ez doguz zuzen erabilten, nahastu egiten ditugu guk emondako balorazio subjektiboakaz, eta hortik sortzen dau bakoitzak mundua ikusteko modu distortsionatu bat. Ze erraza dan alkar ulertzea eta zenbat atzeratzen dogun prozesua “errazoia euki” gurean. Hori irakurtzerakoan, seguruenik norbait etorri jatzu burura dagoaneko. Baina batez be, bilatu eizu zugan. Auto-behaketa barik, itsu dago gizartea.

Gaurkoan mahai gainean daukagun gaia dirua berbeagaz euki ahal dogun nahaste-borrastea da. Batzuk, dirua daukie euren bizitzako helburu nagusi eta bakartzat. Beste batzuk, aurreiritzi eta epaiez beteta begiratzen dabe euren kontu korrontean daukiena be. Kasu bietan, diruagaz harreman toxikoa daukie. Lehenengoan, euren balioa diruaren araberakoa dala sinetsi dabelako, “behar zaitut”. Bigarrenean, klanari dioten fideltasunagatik, “txarto ikusita zaude, ezin zaitut maite”. Halan, emozio eta ekintza negatiboak sortzen ditugu, besteak beste, menpekotasuna, erruduntasuna, xahutzea.

Baina, zer da dirua benetan? Hainbesteko mina eragin dezake berez? Modu sinplean azaltzeko, dirua ekintza edo gauza ugari lortzeko, trukean emon behar dan zerbait da. Trukea derrigorra izango zala erabagitean sortu zan, beraz, ez da naturala, asmatua baizik. Orduan, dirua gauzen erabilpena erregulatzeko tresna bat baino ez dala ikusteko gai bagara, arazoa non dago? Gizakiak egiten daben horretan. Ez zaitez “ona” edo “txarra” dan epaitzen hasi. Jarraitu ulertzen. Gaur egun sare-sozialakaz gertatzen dan bezalaxe, erabilten dan moduan dago kakoa. Beste adibide bat: nor ari da kontzientzia eta zaintza gehiago erabilten: jabetza pribatuan natura zaindu, mantendu eta garatzen laguntzen daben pertsona? ala baso publikoa zikintzen eta hondatzen dabilen pertsona? Kontua ez da publikoa eta pribatua epaitzea, baizik eta ikustea gure ideia, asmo eta ekintzetan dagoela bai arazoa, bai konponbidea.

Beraz, lagungarria da mintzen gaituen edozein berbari berezkoa ez duen gainkarga kentzea: “dirua”, “familia”, “bikotea”, “laguntasuna”, “edertasuna”, “adina”, “jarri hemen zeure adibidea”. Hasieran, deseroso sentitu zaitezke. Errua nori bota edo zer kritikatu ez badaukazu, ze zentzu dauka zure bizitzak? Badauka, bai. Zure buruaren gidari eta zuzendari izeteko espazioa eta energia berreskuratu dozuz. Gure gorputzak zelula osasuntsu, lasai eta konstruktiboak behar dituen moduan, planeta honek be horrelako izakiak behar ditu, heldugabeak eta kexatiak alferrikakoak dira eta. Ondo etorri Ahalduntzearen Arora.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).