Inkesta bat egin dugu lan egoera ezagutzeko, eta erantzunak argiak izan dira: azpikontratazioaren ondorioz lan berdina ezberdin ordaintzen da; langileak lana galtzeko beldur dira; lan-kargaren ondorioz ordaindu gabeko aparteko orduak egiten dituzte (enpresa askotan “gaizki” ikusten da lantegitik dagokien orduan irtetea); gehienek soldatak izoztuta dauzkate 2011tik; langile “batzuek” nagusiarekin baldintza “pertsonalizatuak” adosten dituzte, denok elkarren etsai bilakatuta; gehienek uste dute lantokian ez dutela beren lana aintzat hartzen; lan-karga eta exijentzia maila direla-eta estresa dute... Egun, badakigu ez garela erretiratuko hasi ginen enpresa berean. Ezegonkortasuna eguneroko ogi eta mehatxu bihurtu dute.
Hori guztia jasan dezagun, erlijio berri batean sinestarazi digute: beldurra, aukera ezaren sinesmena eta etsipena. Mark Fisherri hitzak lapurtuz: “Errazago dugu munduaren bukaera irudikatzea, kapitalismoaren bukaera imajinatzea baino”. Gaur egun ezagutzen dugun sistema omen da eredu sozioekonomiko bideragarri bakarra; beste guztiak utopia, kea eta ametsak baino ez dira. Baina nola esan ahal zaio horri guztiari bideragarri? Lan egiteko bizi bagara, lanean gaixotu eta hiltzen bagara (jada 64 hildako aurten)! Hori bideragarria al da? Norentzat? Ez guretzat!
Gure lan baldintzak estutzen jarraituko dute, horren adibide argia dugu orain. Abian daude Bizkaiko bi sektore nagusietako Hitzarmenen negoziazio-mahaiak (metalekoena eta bulegoetako langileena), eta bertan adostuko dira 83.000 langileren lan-baldintzak. Patronalak egin digun eskaintza bakarra hauxe da: 2011/12an adostutako lan-baldintzak areago murriztea. Harrokeriaz, arduragabekeriaz, inpunitateak eta diru goseak ematen duten handikeriaz. Murrizketak eta prekarietatea betikotu nahi dituzte eta, horretarako, etsituta eta beldurtuta behar gaituzte.
Jokoan daude langileontzako lan-baldintza bideragarriak; bizitza duina izateko lan-baldintza duinak eskuratzea. Beldurrak astintzeko unea da!
Beraz, ez bagara orain borrokatzen, NOIZ? Eta zuk ez baduzu egiten, NORK egingo du?