Udaberria urtarrilean etorriko da aurten

Erabiltzailearen aurpegia t: Erika Bilbao Barzena, LAB sindikatuaren eskualdeko arduraduna 2019ko abe. 10a, 09:41

Bestela bizi gaitezkeela sinetsita nago. Beste bizitza-eredu bat posible dela jakin badakit, baina orain arte ez naiz erabat jabetu horretarako genuen premiaz.

Nik ez dut zortzi orduz (gutxienez) lan egin nahi. Ez dut normaltzat hartu nahi multinazional batentzako lan egiten duen autonomo faltsu batek janaria etxera ekar diezadala. Ez dut estu bizi nahi hil erdira iritsita dirua apenas gelditzen zaidalako. Ez dut onartu nahi gure amak, erretiroa hartutakoan, miseriara kondenatua egotea, bizi guztian behartutako jardun partzialak eta doako zaintza-lanak egin ondoren. Ez dut erosketak azken orduan egiten ibili nahi, lanetik presaka ateratzean, merkataritza gune bateko supermerkatuan. Ez dut arropa Internetez erosi nahi, denda batera joateko denborarik ez dudalako. Ez diot nire lagunari entzun nahi, lotsatuta aitortuz, bere alaba lokartzea irrikan dagoela, berarekin pazientziaz jolasteko nekatuegi dagoelako. Ez dut era naturalean onartu nahi langileok lanean astero hiltzea. Ez dut sentitu nahi bihotzekoak emango didala mugikorra etxean ahazten dudan bakoitzean.   

Baina iruditzen zait, beldurren eta etsipenen gainetik, herri hau bizirik dagoela. Izan ere, Martxoaren 8an, Euskal Herriko emakumeok mundua gelditu genuen; metaleko langileek, kiroldegietakoek, etxez etxeko laguntzaileek, bulegoetakoek... hilabeteak daramatzate beren lan-baldintzen alde borrokan; pentsionistek bi urte luze daramatzate guztion eskubideak aldarrikatzen, astelehenero-astelehenero, eguzki zein euri… Borroken euskal loraldia bizitzen ari gara.

Eta jauzi berri bat emateko unea iritsi da: tranpolina prest daukagu. Elkar ditzagun mugimendu guztien aldarrikapenak. Egin dezagun bidea elkarrekin, elkarri oratuta, herri gisa. Oihuka dezagun ahots bakarrez, ozenago entzun dadin. Ekar dezagun gure bizitza erdigunera: guztiontzat bizigarria den bizitza.

Negua bero dator aurten. Urtarrileko giro hotzean, udaberria loratzen ikusiko dugu. Bestelako Euskal Herri bat eraikitzea posible delako: lan-baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituen Euskal Herria. Martxan gaude eta geldiezinak gara. Badator greba orokorra. Elkarrekin plantatuz gero, elkarrekin bidea eginez gero, dena da posible.

Bazatoz?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).