Maitasuna

Erabiltzailearen aurpegia Erika Pereda 2017ko mar. 29a, 12:47

Erika Pereda, kazetaria

Orain dela egun batzuk, parkean nengoela, bi mutil, zortzi-hamar urte ingurukoak, borrokan hasi ziren. Istorioaren amaiera imajina dezakezue: bata, garaile; eta bestea, amorruz eta inpotentziaz beterik. Horietako baten ama eta bestearen amona mutikoekin hitz egiten hasi ziren: ezin dela borroketan ibili, ez dagoela ondo, hurrengo batean ez errepikatzeko... Eta elkarri barkamena eskatzeko. Umeek, batak besteari, barkamena eskatu zioten, baina gauza mekaniko bat izango balitz bezala: esan behar dut edo, hobeto esanda, behartzen naute “barkatu” esatera, eta hala egiten dut. Hori ikusita, ezin izan nuen aguantatu, gogoa ezin ekidin, eta kontu horretan sartu nintzen.

–Bihotz-bihotzez eskatu diozu barkamena? –galdetu nien–. Ez, ezta? Baina, zergatik? Ez da zure laguna? Eta ez duzu maite?–. Eta parkeko ume guztiak (dagoeneko asuntoa pelikula baten azken eszenak baino interesgarriago bihurtu zen) barrezka hasi ziren.

–Zergatik?– berriro galdetu nuen. Eta erantzuna harrigarria izan zen.

–Zelan maite dugula? Maitatu lagun bat?!?!?!?!

Ba bai, maitatu. Maitatzen ditugulako gure bikotekidea, gurasoak, anai-arrebak… eta baita gure lagunak ere. Maitatzen ditugulako gure seme-alabak, aitita-amamak, gure txakurra eta dordoka, eta, zergatik ez, gure auzokide “gorrotatuena” (berak ere bere garrantzia dauka gure bizitzan). Eta, hain zuzen ere, maitasunez inguratuta egon arren, maitasuna ez omen dago gure hezkuntzan; etxean ematen dugun hezkuntzan, ezta eskoletan eskaintzen duten horretan ere.

Sentimenduei buruz hitz egitea zaila da, oso zaila esango nuke, eta askoz gehiago sentimendu positiboak ez direnean. Baina bizitzari aurre egiteko beharrezkoak dira. Oso ondo dago gustatzen ez zaiguna identifikatzea, baina askoz hobeto dago poztasuna, ausardia, itxaropena, ametsak, enpatia, berdintasuna edota maitasuna adierazten jakitea.

Gure lagunak ere maitatzen dugulako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).