Hau guztia amaitzen denean... Esaldi hori ezaguna egiten zaizue? Zenbat aldiz esan edo entzun duzue? Bada, galdera horri erantzuteko, jakiteko zer egin nahiko genukeen hau guztia amaitzen denean, lagun eta etxekoen artean inkesta bat egitea erabaki dut (soziologoek eta estatistikan adituek barkatu diezadatela).
Etorkizunari begira, hauek dira erantzunak: kontzertu bat (baina lehengoetako bat, zutik eta trago bat eskuan), familia osoarekin tripa-festa ederra (bere bazkalondoarekin), herriko jai batzuetara joan (etxera itzultzeko ordutegi barik)… Denak, den-denak, neurri handiagoan edo txikiagoan, musikari lotutako planak dira.
Bestaldetik, oraintsuko iraganari begiratzen badiogu, balkoietan bat-bateko kontzertuak izan ditugu, online ere disfrutatu ditugu, musika ospitaleko ZIUetan...
COVID-19 pandemiaren hilabete txarrenetan Spotify musika plataformaren erabilerak % 18ko gorakada izan zuen. Adibide bat besterik ez da, baina datu horrek agerian uzten du, pertsonak etxean gelditu ginen bitartean, musikak mugiarazi gintuela.
Kulturaren sektorea, oro har, eta musika, bereziki, osasun-egoeraren kaltedun handiak dira. Ez ditzagun ahaztu. Gai izan gaitezen sektore hau bere osotasunean baloratzeko, arlo ekonomikoan, sozialean eta, batez ere, emozionalean duen garrantzia erakutsi duelako.
Duela 20 mende baino gehiago Platonek esan zuen musikak gure arimak sendatzen dituela. Pandemia bete-betean, duela hilabete batzuk, sare sozialen bidez mezu hau iritsi zitzaidan: ‘Inor ez da onik ateratzen abesti on batetik’. Denok geurea daukagu, zein da zurea?