Koronabirusa

Bakardadean ahuleziak irensten gaitu; kontrara, batasunean aurkitzen dugu indarra

Erabiltzailearen aurpegia t: Arrate Gaztelu Agirre eta Jon Mikel Dominguez Petralanda 2020ko api. 15a, 08:03

Azken egunak luzeak izaten ari dira zinez, egunez egun aldatzen doan tunel honen amaiera zehaztu gabe dago, baina, ezbairik gabe, hasiera batean osasun arazo bezala aurkeztu zitzaigun horren gordintasuna ikustera iristen ari gara egunek aurrera egin ahala. Egoeraren dimentsio sozioekonomikoak zer nolako garapena izango duen jakitea zaila den arren, gainera etorriko zaiguna handia denik ezin daiteke uka, eta egoeraren garapenaren balorazio azkar bat eginez gero, horren lehen espresioak ikusten ari garen heinean, krisi honen pisua langile klasearen bizkar gainera etortzea da aurreikusgarriena.

Instituzioek hartutako erabaki zein neurriek, osasun larrialdiaren aitzakiapean, burgesiaren ofentsiba politikoa areagotuz langileok banatu eta ahuldu egin gaitu. Salbuespen egoera honetan, etxean gordeta itxarotera derrigortuta gaude, apurka-apurka azaleratzen ari den egoera honen aurrean guztiz zaurgarri agertzen garelarik. Baina banketxe eta enpresari handien botereari aurre egin eta sektore zapalduenen babesa antolatzeko hautua egin dugu. Bizitzen ari garen, eta biziko dugun horren aurrean, batasuna saretzearen beharra aurkezten zaigu beste behin. Bakardadean ahuleziak irensten gaitu; kontrara, batasunean aurkitzen dugu indarra.

Hori dela eta, erasoaldia pairatzen ari diren kolektiboei zuzendutako kanpaina bat martxan jartzea erabaki dugu GKStik (Gazte Koordinadora Sozialistatik), gure bizi baldintza eta askatasun politikoen defentsa antolatze aldera, baliabideen kolektibizazio eredu bat mahaigaineratu, eta ahal den neurrian gure aletxoa jartzeko asmoz. Printzipioz bi esparru konkretutara mugatuko da gure jarduna, edo planteaturik ditugun bitartekoen irismena, nahiz eta egoeraren garapenaren eta gure gaitasunen arabera, dinamikaren eragin esparruak handitzen joatea ez baztertu.

Aukeratutako ildoek testuinguru honetan gorpuztuz joan den ofentsibaren erpin ezberdinei erantzutea dute helburu, aipatutako sektore kolpatuenek jasotako kolpeen jatorriaren arabera sailkatuak izan direlarik. Gure kasuan dinamikak jazarpen polizialaren arloari erantzutea eta baita salbuespen egoera ezarri zenetik eskualde mailan bizitako errealitatearen testigantzak jasotzea litzateke planteamendua. Batetik, aipaturiko sektoreetako kideei, kolektibo zaurgarriei laguntza emateko asmoz edota beharrizanak bultzatuta kalera irten, eta egoera kaotiko honen babesean poliziak hartutako neurrigabekeri eta gehiegikerietatik babesteko jakintza eta mekanismoak luzatzea litzateke asmoa. Bestetik aurretiaz aipaturiko testigantzak jasotzeko bide bat irekiko dugu, hauek publikoki salatzeko helburuarekin, anonimotasuna bermatuko delarik behar izanez gero.

Hurrengo egunetan ideia hauei forma emateko baliabide ezberdinak plazaratzea da planteamendua. Hasiera batean idatzi edo kontaktuan jartzeko telefono bat (695 716 830) eta posta elektronikoko helbide bat (salbuespentxorierri@gmail.com) jarriko ditugu antolatutako baliabideen beharra duen edo testigantzak helarazi nahi dizkigun edonork gurekin kontakta dezan. Hori eginda, bere kasuaren jarraipen bat egin eta ahal den neurrian pertsona horrekin batera irtenbide posibleak pentsatu eta aurrera eramatea litzateke prozedura. Egoeraren aurrean ditugun eskubideen jabe egin eta posizioa eta lehen neurriak hartzetik, egoeraren garapenak ekar dezakeen prozesu judizialeraino behar izatekotan. Hala ere, dinamikari eta horrela honen eraginkortasunari bultzada bat emateko baliabide komunikatibo ezberdinak mahaigaineratzen joango gara, gaitasunek eta honen eskutik etorriko den jardunak bozgorailu bat izan dezaten.

Gehiago luzatu gabe, azken bi punturekin bukatu nahiko genuke. Lehenik eta behin, eskualdeko eragile, talde, gazte asanblada eta elkarte orori luzatzen diogu, dinamikari zabalpena eman eta bertan parte hartzeko gonbita, egoera honetan ezinbestekoa da gure arteko zubiak eraiki eta batzea, ahalik eta gaitasun handienak izate aldera. Bestetik, egoera lazgarri hau bizitzera kondenatuta egon eta biharamunak zer opa dion jakin gabe aurrera egitera behartuta aurkitzen den orori besarkada beroena. Gogorrena etortzear dago eta antolatzen hastea dagokigu. Bidean ikusiko dugu elkar.

Burgesiaren ofentsiba gelditu! Osasuna, Egia, Askatasun politikoak eta Langile antolakuntza.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).