Zamudion, goizeko zazpiak eta erdietarako jendea prest zegoen autobusaren parean, puntual, kapela bakerodunaren aginduetara. Larrabetzun ere zortziak laurden gutxi aurretik asko eta asko prest zeuden elkarteak antolatutako autobusean Iruñerako bidaiari ekiteko. Gustatuko litzaidake jakitea, hain puntual zeuden guzti horiek lanera ere beti ordurako joaten diren.
La Moreara zentro komertzial ingurura helduko orduko han zeuden elkarteko boluntarioak beraien petoekin laguntzeko prest. Non aparkatu, nondik joan Nafarroa Arenara eta behar genituen argibide guztiak emateko prest. Eskertzekoa benetan leku ezezagunean erraztasun horiek aurkitzea. Antolakuntza maila oso altua dauka bertsozale elkarteak, zaintzako lan Itzela egiten dute eta boluntarioak bere inguruan biltzeko sekulako gaitasuna daukate. Lehenengo txaloa beraientzako!
Esanahi handia daukaten puntu positiboekin aurkezten zitzaigun finala: Nafarroan eta Iruñean izatea (norbaitek sukaldeko lan ederra egin du), inoizko emakume gehien finalean kantari eta lehenengo aldiz nafar bat tartean. Saioa hasi baino ordubete arinago ikuslegoaren gehiengoak lekua hartuta geneukan jada, eta tarte hori sozializatzeko erabili genuen. Lepo bete zen Nafarroa Arena, ez zen hondar alerik ere kabitzen (txiste erraza, kostaldeko batentzako , kar-kar).
Bertso gosez zegoen jendea, eta goizetik txalo egiteko gogoz, esker oneko. Sinesgaitza da 13.000 pertsonek nola barneratua dugun isilik egon beharra eta errespetua, ez zen inolako lekuz kanpoko jarrerarik egon. Bigarren txaloa publikoari
Ez naiz inondik ausartuko teknikoki saioa epaitzera, bakarrik esan nire uste apalean saio oso ona izan arren, goia momentu baten bakarrik jo zuela, buruz burukoan, ofizioetan. Baina disfrutatu genuen saio guztian, kantaera, hitz-joko eta ideia bikainekin. Artista hauek entzunda ze erraza ematen duen bertsolaritzak! Hirugarren txaloa zortzientzat.
Eta zer esan Maialeni buruz, bada, saio guztian koska bat gainetik zegoela, beste behin erakutsi zuen gaitasuna izugarria da. Ofizioetan ideia bikainekin, humorea era gordin eta finean erabiltzen, bakarkakoetan istorio politak eta mezu sakonak… Ezin zaio gehiago eskatu. Zutik jarri, eta azken txaloa berarentzako!