Txorierritik ari gara

Erabiltzailearen aurpegia t: Txorierriko Ernai 2023ko mar. 17a, 08:37

Prekarietateak, langabeziak, zisheteropatriarkatuaren indarkeriak, krisi klimatikoak, antsietateak, depresioak… ezaugarritzen dute gure belaunaldia. Alegia, gazteok belaunaldi krisian jaio eta hezi gara. Burgesiak eta gizon zisheterosexual zuriek pribilegioak mantentzen eta handitzen dituzten bitartean, langileriaren eta herri sektore zaurgarrienen eskubideak murrizten dihoaz.

Testuinguru honetan Ernaitik ‘Hegan Egiteko’ dinamika aurkeztu genuen, Txorierriko eremu sozioekonomikoa problematizatuz eta sozializatuz. Dinamikaren baitan gazte ikuspuntutik, eskualdeko industrializazioa eta prekarietatea salatu genituen, hala nola zabortegiak, joko-areto zein apustu etxeak, euskararen egoera, beharrezkoak ditugun produktuen prezioen gorakada, etxebizitzaren auzia… aldarrikapenak plazaratuz. Azken hilabeetan etxebizitzaren problematika landu dugu, Txorierriko egoera aztertuz eta zenbait datu publikatuz: Txorierrin 930 etxe huts baino gehiago daude, gazteon emantzipazioa 30 urtekoa da, eskualdeko erosketa eta alkilerraren bataz besteko prezioak sareetan eskegi genituen.

Etorkizunerako espektatiba guztiak zapuztu dizkigute. Espektatiba berriak ezin direla eraiki sinestarazi nahi izan digu kapitalak eta horren mesedetan diharduten estatu zapaltzaileek. Baina, gu ez gara gure etorkizuna zein izango den zerura begiratzen geratuko direnak, gure etorkizuna zein gure oraina eraldatzera goazen belaunaldia gara. Ernaik 10 urte betetzen dituen uneotan, beharrezkoa dugu kapitalismo zisheteropatriarkalak eragiten dituen zapalkuntzei aurre egiteko proiektua, estrategia eta militantzia garatzea.

Martxoan zehar Txorierriko gazteria antolatzeko, formatzeko eta harremantzeko egitarau ezberdinak antolatu ditugu. Martxoaren 17an Larrabetzun, ‘Larrabetzutik ARI GARA’ eguna antolatu dugu, zeinetan Txomin Aiartza eta Olaia Aguayo izango ditugu Ernairen ibilbideaz eta gaur egungo erronkez mintzo, 20:00etan Aretxabalan. Ondoren gazte afariarekin egunari bukaera emanez. Martxoaren 25ean, aldiz, Txorierri mailako ‘Txorierritik ARI GARA’’ eguna antolatu dugu Larrabetzun. 18:30ean etxebizitzaren inguruko mahaingurua, hizlariak Truketxeko Urko Iurrebaso eta Galdakaoko Etxebizitza Sindikatukoak izango ditugunak. Ostean, bertso poteoa.

Amaitzeko, kontzertuekin bukaera emango diogu egunari Hori Bain, txorierriko Matxinada musika taldearekin eta Pary & Tiza DJ zornotzarrekin.

Gazteok ez ginen erristitzeko jaio, irabazteko baizik. Merezi dugun Euskal Herri aske, sozialista eta feminista irabazteko.

 

GORA TXORIERRIKO GAZTERIA!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).