Goizean jaikitzen naiz, saioa prestatzen dut, eta kalera. Ariketa erakargarriak lantzen ditut, kiroldegiko erabiltzaileekin kirolaz gozatzen naiz… Hurrengo saioa hiru ordu barru izango da. Kafe bat. Hurrengo kiroldegira joaten naiz, autoz, garraio publikoa hartuz gero, ezinezkoa baita garaiz heltzea. Hura ere udal-kiroldegia da. Giro herrikoia eta jende jatorra dago, eskerrak! Zeinen lan (polita) egiten dugun, osasuna eta ongizatearen alde.
Arrastian beste saio bat izango dut, eta zorterik badago, ordezkapen bat: oraindik ez dut ezta lanaldi erdiko kontraturik ere. Bihar, pilates eta hipropesiboak: 1 + 1 = 2 ordu lan egingo ditut egun osoan. Lankide bat talde barik geratu da; talde txikia omen zen (ordu bat gutxiago bere lanaldian, ikasturte erdian). Ea niri berdin gertatzen ez zaidan. Lepoko mina dut eta medikuarenera joan beharko nuke, baina ez dut horretarako ordurik, gure lan-hitzarmenean jasota ez dagoelako. Lankide bati beste mesede bat eskatu beharko diot… medikuarenera joateko… Zorionez, lan-giro hurbila eta osasuntsua dugu.
Horrela bost urte daroatzat eta nekatuta nago. Joan-etorrietan egiten ditudan kilometroen dirua ez dut ikusiko, ezta saioak prestatzeko ematen ditudan orduen dirua ere (adibidez, spining- eta zumba-saioak prestatzeak denbora luzea eskatzen du). Ezta azken orduko ordezkapenen aparteko ordainsaririk ere. Lan honek ito egiten nau.
Zoritxarrez, prekarioa naizela neureganatu, onartu dut. Baita zain dudan etorkizun beltza ere. Hainbeste gustuko dudan lanean jarraitzea besterik ez dut. Kirol-arlo honetan profesionalen belaunaldi oso bat galtzen ari da, eta asko beste alde batera begira daude.
Dagokionari: zaindu kirol-langileak. Gaur eta bihar, kirola borrokan!