Artean

Erabiltzailearen aurpegia Igor Elordui 2018ko api. 11a, 13:04

Arte da, euskaraz, postposizio bat, denbora-hedadura bat noraino heltzen den adierazteko: Bihar arte. Orain arte. Noiz arte? Deklinatuz gero beste postposizio bat sortzen da: artean (bitartean). Horrez gain, arte(a) da euskaraz, baita ere, izena. Hainbat izen: artea da tartea; arteak hartu datrankildu, lasaitu; artea hartu, zerbait egiteko aukera baliatzea... Eta artea da gauza ederrak sortzea helburutzat duen giza jardunbidea.

Gauza jakina da pagoaren familiako zuhaitz bat ere badela artea, hosto-iraunkorra eta enbor-sendoa. Sakratua zenbait tradiziotan, euskal mitologian sendotasunarekin eta bizitza luzearekin lotzen da. Arbola horrexek ematen dio, hain zuzen ere, izena Arratiako Artea herriari.

Hantxe, Artean, Herriko Bentan, egon ginen lehengo batean bazkaltzen. Adi-adi entzun genizkion Ramontxu sukaldariari menuko jakien gaineko azalpenak; zehaztasun osoz eta andaluziarrek daukaten berezko graziaz emanak. Ederto (eta merke!) bazkaldu genuen. Bazkalostean, Ramontxurekin, Mohammad sukaldari-laguntzaile amazigarekin eta Carol nikaraguarrarekin aritu ginen berbaz.

Mikelonekin ere egin genuen hitz-aspertutxoa. Azaldu zigunez, han, Herriko Bentaren goiko partean eta aldameneko etxean, 50 migrante bizi dira, errefuxiatuak gehienak; betiko gure artean geratzeko esperantzan batzuk, iragaitzaz (“transitoan”) beste batzuk.

Handik zebilen Fatima, Mohammaden emaztea. Eta haien alaba ere bai, beste dozena bat neskato arratiarrekin batera, sokasaltoan jolasten, bentaren aurreko plazan, Jatta gambiarrarekin. Jatta, bi alabaren aita; sorterrian alabak utzita etorri behar izan duen bi metro luzeko mutiltzarra. Sokasaltoan Arratiko neskekin.

Ramontxu, Mohammad, Fatima, Carol, Jatta, Marta, Rosa, Junnes, Zaka... Errefuxiatuak, etorkinak... Gaztelaniaz kasik ere ez dakite-eta hainbatek; geratuko diren ala ez diren ere ez. Eta, hala ere, euskara ikasten Herriko Bentan AEKren bidez, Lurdesekin.

Artean bat egiten dute lehen lerrokadako arte guztiek: denbora-hedadurak, bitarteek zein tarteek, lasaitzeek, aukera baliatzeek eta, batez ere, artadi gizatiar baten babesean gauza ederra sortzen duen giza jardunbideak.

Igor Elordui, kazetaria

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).