Baina egin ez denaren damua baino gauza tontoagorik ez dagoenez, zurekin berba egiteko aukera izango banu, ez nuke aukeratuko gazte zineneko garaia, ezta erbestera ihes egin zenuenekoa; ezta, hori ere ez, kartzelan zinenekoa. Denetan gura nukeen hitz aspertutxoa egin, zelan ez, baina une bat aukeratu beharko banu, bat bakarra, oraingoa aukeratuko nuke, guztiz libre hegaz dabilen txoria zareneko hau.
Abagunea banu, esango nizuke orain badakidala nolakoa zaren, zure Larrabetzuko herrikideek, Bilbiko auzokideek, zure lagunek, zure familiak… kontatu digutela, zelakoa zaren, ez genekienoi (eta zer esango dizut, ba, ez bada hortik datorrela aukera galdu izanaren pena). Esango nizuke Larrabetzu bete-bete egin zela urriaren 5ean, zapatu ilundian, hainbat herritarrek, auzolanean, antolatu zizuten omenaldi-ekitaldian. Esango nizuke itzela izan zela, ez zela inor falta izan, hor zirela, arrebak, ilobak... lagunak, herrikideak, auzokideak, militantzia-kideak… Eta kontatuko nizuke zapatu ilundi hartako bertso, kantu eta berbaldiak ahots urratuz eta negar-malkoz eman zirela, zu ezagutzen ez zintugunak ere guztiz hunkitzeraino. Eta kontatuko nizuke, hau gustatuko zaizu, hori baino lehenago, hain maitatua zenuen Itxinaren magalean deskantsu hartu zenuen egunetan, herritar piloa ibili zela zure bila, lotu barik, zeu topatu arte. Eta harro esango nizuke topatu ere herriak topatu zintuela, Larrabetzuko sinboloa den haritz barruko “bihotz” gorri hori baino handiagoa baita herritarren grina.
Eta, azkenik, lasaiago, neuk ere Mikel Etxabururen poesia hura errezitatuko nuke, betiko hegaldian lagun izan dezazun: «Egunero dator txoria / ziegako leihora, / zu zara orain txoria esatera, / niri jaten eman, / kantuan entzun, / niri kontuak kontatzera / ziegako leihora / egunero dator txoria / gogoraraztera, / zu zara orain txoria esatera».
Txoria zara, Josemi.