Porque lo que ocurre ahora con estas líneas que escribo en castellano en esta revista es, precisamente, lo que está ocurriendo en las calles y en las casas de los pueblos de nuestro valle: el castellano está ocupando el espacio que hasta hace poco ocupaba el euskera.
Zeren eta Artzeren esaldi famatu hura, “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”, ez baita guztiz egia; hizkuntza bat bai galtzen da ez dakitenek ikasten ez dutelako, eta baita ere, jakina, dakitenek ez dutelako hitz egiten. Ñabardura egitea komeni da hemen: nekez sentituko du ez dakienak —berdin dio den laguna, bikotea, seme-alaba edo lankidea— ikasi edota egiteko beharra, jada dakienak egiten ez badio.
Eusko Jaurlaritzako VI. Mapa Soziolinguistikoaren arabera, Txorierriko biztanleen ia erdia da euskalduna; beraz, pentsatuko dugu euskaraz berba egiteko gai. Kale Neurketaren Txorierriko datuen arabera, baina, Txorierrin %10,7 egiten da euskaraz kalean. Hau da, 10 elkarrizketetatik bat, gehienez bi, baino ez dira euskaraz. Egia da herritik herrira desberdinak direla datuak, baina guztietan egin du nabarmen behera euskararen erabilerak. Ez dira harro egoteko moduko datuak.
Pasa den hileko AIKOR!-en argitaratu zituzten datuok, eta azalean honako lerroburu hau ipini zuten: HAUSNARTZEKO GARAIA. Eta aurtengo Euskaraldiaren lema HITZEZ EKITEKO GARAIA da. Beti ulerkor, beti enpatiko, beti asertibo… Niri, egia esan, iruditzen zait ASALDATZEKO GARAIA ere badela. Ze, hemen, beti-betikook hausnartzen dugu, beti-betikook ekiten diogu hitzez eta egitez. Noiz hausnartu behar dute euskaraz egiten ez dutenek? Noiz ekingo diote hitzez euskararen aldeko diren guzti horiek? Eta zeri begira daude agintariak, gizartea aldeko baldin badugu, auziari benetako ausardiaz heltzeko?