Eta biharamuna ulertu nahian, gaur iragarki bi aukeratu ditut analisirako. Lehena Vodafoneren aspaldiko iragarkia da, mezu argia bezain arriskutsua duena eta erdi egien pozoiaz beteta dagoena: “No es lo que dices, es cómo lo dices”. Bigarrena oraindik ikusgai dagoen Hornimansen “yoismo”-a da, zoriona lortzeko besteengan pentsatzeari utzi eta nork bere buruarengan pentsatzera animatzen gaituena. Badirudi, sustoa ala heriotza aukeratu behar duenaren moduan, edukien mesprezua ala nartzisismo basatia aukeratu beharko dugula.
Baina indibidualismoa ez du Hornimansek asmatu; ezta Vodafonek erretorika ere. Beharbada, kapitalaren zerbitzura egotea da hemen “berria” dena. Eta gu, konturatu gabe, jandako ideien digestioa egiten gabiltzala… relaxing cup of Hornimans! Norberaren zorionak besteekin ditugun harremanekin zerikusirik ez balu bezala. Indibiduoaren kontzeptua, estatuarekiko hoztasunetik jaioa, ni eta nire inguru hurbila ez den guztiarekiko hoztasun bilakatu da postmodernismoan.
Vodafone, ordea, diskurtsoen demokratizazioaren alde dago. Inportantea megapixelak direlako… bost axola mezua! Iritzi guztiak errespetagarriak diren ideia, berez engainakorra dena, iritzi guztiak maila berean dauden ideiarekin nahastu dugu. Ez da erraza mailakatzea, baina irtenbide erraza bezain faltsua da mailak daudela ukatzea.
Batzuetan, behin eta berriz artikulu bera idazten nabilela iruditzen zait: Aristotelesen orekarena. Bizitza bakarra dugu eta gutako bakoitza bakarra da munduan, baina ez gaude bakarrik. Besteekiko errespetua eta erantzukizuna norberekoikeria eta indibidualismoaren truke aldatu nahi baditugu, edo edukiak zeuden lekuan itxurakeria jarri nahi badugu, aurrera; zilegi izan daiteke. Baina ez diezaiogun hainbeste azukrerik bota teari, garratza dena gordinik barrura. Zerbait jatekotan, izan dadila behintzat guk kontzienteki eskatutakoa.