Ostean, hotzean, hitz batean

Erabiltzailearen aurpegia t: Imanol Alvarez, filosofia irakaslea 2020ko uzt. 30a, 12:01

Hausnartzea ei da filosofoaren lana, baina onartu beharra dut bizitzak horretara gonbidatu gaituen hilabete hauetan hari ihesi ibili naizela. Askatasuna, elkarbizitza edo kontrol soziala bezalako ideiak pil-pilean, hazitegi ederra zirudien, baina mutu geratu naiz. Ez dakit biziraupen emozionalean zentratuta nengoen, edo presak eta premia hausnarketaren etsaiak direla barneratuta dudan. “Lehenik bizi, ondoren filosofatu” dio atsotitzak.

Baina bizitzak aurrera darrai eta pretentsio handirik gabe hasi naiz buruari bueltaka. Eta interesgarri bezain beharrezko deritzodan arrazoi instrumentalaren kritikarekin lotu dut. Ez ikaratu; ez da izenak aditzera ematen duen bezain beldurgarria. Funtsean, arazoen aurrean irtenbiderik “logikoena” aukeratzeak planteatzen dizkigun konplikazioak aintzat ez hartzearen arriskuak jarri zituzten mahai gainean Frankfurteko eskolako pentsalariek 60ko hamarkadan. Are gehiago, biderik zuzenenak arazo berri sakonagoak sortzen dizkigula zioten. Hobeto ulertzeko, telebistako mandoaren guda gauero pairatzen duen familia batek logela bakoitzean telebista bat jartzea litzateke auzia modu instrumental batean ebaztea. Akabo gatazka. Baina akabo, honekin batera, akordioetara heltzeko gaitasunen garatzea besteengandik gauza berriak deskubritzeko parada, frustrazioak gestionatzen ikasiz joateko aukera… “Zoriontasuna ez da arazorik ez izatea, arazoei irtenbideak topatzea baizik” zioen orain gutxi zendu zen Baumanek. Arazoak ekiditea bizitza ekiditea da. 

Ez dakit pandemia hau gure bizimoduaren ondorio zuzena den, momentuz ez dut horren aldeko argudio sendorik entzun. Baina gogor kolpatu dituen familiei errespetu osoz beti ere, gure bizimodua birpentsatzeko aukera paregabea dakarkigu besapean. Gizadi gisa, planetak berak jartzen dizkigu mugak, nahiz eta guk ez ikusiarena egin.  Hurbileko egunerokotasunean, antzeko zerbait, azken finean hor hasten da dena. Gizatasuna eta bizitzaren konplexutasuna ulertzeko sinplifikatu nahi badugu, kontrako noranzkoan goaz. Arrazoimen kritikoa aldarrikatzen zuen Frankfurteko eskolak. Niri ez zait ezer hoberik bururatzen, eta norabide horretan ari gara  pentsamenduaren presentzia txikitatik hezkuntza lege berrietan aldarrikatzen. Hausnarketa. Hartatik eskapatzen naizenean ere, bertan bukatzen dudalako.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).