Fikziozko ikasketa-bidaia: denen eskura ez dauden proposamenak tartean, eta polemika mahai gainean. Baztertu ala bozkatu? Edozein aukera da zilegi: demokrata zintzoen betebeharraren emaitza onartzea (askatasun indibidualari lehentasuna ematen dioten hautua), edo guztien eskura ez dauden aukerak jokoz kanpo uztea, berdintasunik gabe funtsean ez baitago askatasunik (ekitate-zaleena). Eskuina eta ezkerra, ezkerra eta eskuina dantzan. “Zergatik uko egin behar diet nire desirei?”, kexaka agertzen dira lehenak; “Ez guztiei; zati bati”, erantzuten dute bigarrenek, “Zuek hori egin ezean, beste batzuek ezingo dute ezta joan ere egin”.
Baina korapiloa eskalarekin batera handitzen denez, errealitatera eraman nahiko nuke gogoeta; globala den mundu honetara alegia. Zeinek uko egin nahi dio ametsetako auto horri, mueslian mangoa jartzeari edo mundua ezagutzeari? Baina zein da horren harremana batzuen miseriekin? Erraza: esplotaturik gabe ez da existitzen beste aldea. Langile mugimenduak erraztatutakoa alfonbra azpian ezkutatu du globalizazioak. Hirugarren mundua da orain gure fabrika. Bilboko itsasadarraren ibaiertzak hurbilegi zeuden zapalduak ez altxatzeko; Dakar eta Paris ez hainbeste aldean. Pentsatu nahi dut urrunekoa ikusten ez dutenen konplizitate inkontzienteaz baimendu dugula gurpil honek bueltak ematen jarraitzea.
Baina, zer egin? Non dago hautu hobea? Miraririk ez gure artean. Gutxiagorekin bizi beharko, gehienak duintasunera heltzeko. Inozoa litzateke erosotasunen balioa ukatzea, zoriona erosahalmenaren mende dagoela pentsatzea bezain inozoa. Nahiak beharrizan bihurtzearen atzerako bidea zailagoa da, ordea. Neurri zehatzak hamaika, baina zangoa gogorik gabe inora heltzen ez bada, aisialdi eta zorionaren birplanteamendu batekin hasi beharko da bidea. Marxismoari buelta falta izan zitzaion Marcuseren esanetan. Paradoxikoa da aukera mugagabeen merkatu librean zorionaren eredu bakarra izatea erakusleihoan, gurpila bueltaka mantentzen duena.