Politika funtsean pertsona-talde bat kudeatzea dela ulertuta, sarrera txikia egin ohi diogu Batxilergoan. Edozein giza taldek asmo on eta antolaketa eraginkorrak behar ditu ondo funtzionatzeko. Tamalez hori gehiegi suposatzea da sarritan, eta horri buruz asko idatzi da jada, baina ematen denan ere, zein baliok ardaztu behar du kudeaketa? Lehiak ala kooperazioak? Filosofoak berriz ere dikotomia faltsuaren falazian galduta. Ortega y Gassetek erantzungo luke ikuspegi guztien baturak egiara hurbiltzen gaituela; egoerak baldintzatzen gaituela zioela kontuan hartuta, beharbada, abizenagatik esango zuen. Lan ona egiteko, segurtasuna eta babesa behar dugu gizakiok; baina, gauza guztiekin gertatzen den moduan, gehiegikeriek gabeziek bezain ondorio kaltegarriak dakartzate: kasu honetan, lasaikeria eta utzikeria. Exijentzia eta egonkortasuna uztartzeko modua topatu beharko dugu, beraz.
Jakin badakit giza taldeen beste ezaugarri bat dela autokritikaren botoia sakatzen dutenak sorginkeriaz salatzea. Bada, autokritikarik gabe ez dago hobekuntzarik; horretan sinesten dudalako esaten dut hau guztia. Eskubideak ditugu, noski, baina baita betebeharrak ere, indibidualak eta kolektiboak, pertsonalak eta profesionalak. Nahiz eta sindikatu eta alderdi ezkertiarrentzat diskurtso deserosoa izan, kalitateko sistema publikoaren defentsak bi oinarri ditu: batetik, existitu, indartu eta baldintza duinak eskatzea; eta bestetik, bertan egiten den lana ona dela bermatzeko neurriak ezartzea. Horrela jarraituz gero, guk geuk egingo diegu lana sistema publikoa deuseztatu nahi dutenei.