Zer gertatu da? Nire ustetan, euskara komunikatzeko tresna baino aprobatu beharreko asignatura bihurtu da hainbatentzat. Sarritan entzun izan dot “he aprobado uskera” (halaxe esanda, zin dagizuet) “joe, eske ez daukat nibel nahiko” eta bestelakoak. Matematikaren parean iminiten da hizkuntza. Hori, berez, ez da txarra, baina alboko ondorioa argia da. Azterketa gainditu eta gero, ikasitakoa memoriatik erraz ezabatzen da.
Horrexegaitik poz haundia hartu neban Jaurlaritzako Kultura sailburua dan Bingen Zupiriaren berbak entzun nebazanean. Datuak oso argiak dira. Erabilera sustatu behar da eta horretarako aisialdia eta kulturgintza euskaldunak indartu behar dira. Euskara ikasgeletatik kanpo be egon behar da, ondo pasatzeko.
Egia da asignaturatik komunikazio tresnara pasatzeko jauzi haundia egin behar dala. Ikastetxeetan ikasten dana erraz ahazten da, derrigor ikasi behar dana sarritan maite ez dalako. Baina gustura eta ondo pasatzen entzun eta ikusten dana errazago lotuten da garunean.
Baina guzurrik ez geure buruari. Hizkuntza bat ikasteko, edozein hizkuntza, lan egin beharra dago. Baina ikasitako hizkuntza erabiltzeko eta maitatzeko, ikastea baino gehiago egin behar da.
Ez da zerotik hasi behar lanean. Hezkuntza sisteman euskara ikasi daben askok euskara daukie euren mundu sinbolikoan. Begi-bistakoa da Goazen telesaila fenomeno sozial ikaragarria dala gure gazteen artean. Sare sozialetan be osasuntsu dabil euskara. Baina ez da nahiko. Burua nekatu beharko dogu euskararen agitpropean gabiltzanok eskaintza are erakargarriagoa egiteko. Galtzak bete lan daukagu.