Herri, kultura ta nazino ugari bizi dira hortik, baina bi izan dira ingurukoak menpean hartu izan dabezanak: prusiarrak (alemaniarrak) eta errusiarrak. Azken mendeetan gerrak izan dira, inperioak indarrez eratu dira, eta herri haundiek txikiak zapaldu izan dabez.
Ukrainaren eta Errusiaren artean halaxe ibili izan dira. Tzarren inperioaren garaian jaio zan Ukrainaren abertzaletasuna. 1917ko iraultza izan zanean Ukrainak bere independentzia aldarrikatu eban, azkenean Sobietar Batasunaren parte izateko. Ukrainarren memoria historikoan lotu da Holodomor. Sobietarren kolektibizazinoak hasi ziranean, nekazal produkzino osoa derrigor emon behar eutseen agintariei. Zigor kapitala izan eben agindua bete ez ebenok. Milaka hil ziran gosez. Historiagileek dinoe miloi eta erdi lagunetik gora hil zirala urte hareetan. Hortik gitxira nazien Alemania sartu zanean askatzailetzat hartu ebezan, jakin barik naziak ez zirala hobeak.
Sobietarrak bueltatu ziranean populazino mugimenduak izan ziran Sobietar Batasunaren barruan, jatorrizko herritarrak euren lurraldetik ataraten eta hareen ordez errusiarrak eroaten.
Sobietar Batasuna pikutara joan zanean Ukrainak bere independentzia lortu eban ostera be, baina ez dabe izan oreka politikorik. Ordutik dabil Errusia bazterrak nahasten. Eta orain gerreak lehertu egin dau.
Zelensky Ukraniako presidentearen deialdiek gogora ekarten deustie gurean Francoren gerran bizi izan genduna. Agirre Lehendakariak armak eskatu eutsezan orduko estatu demokratikoei. Alperrik, baina.
Ukrainak zortzi hilabete daroaz Errusiari aurre egiten hainbat herrik emondako armei eta diruari esker. Auskalo zelangoa izango dan Europa gerrea amaituko danean. Ez dau emoten Ukrainak gerrea galduko dauenik. NATO hilzorian egoan ta orain partaide barriak daukaz. Errusiarren dirua Europatik mugidu da urteetan politikan, kirolean eta kulturan. Buruari bueltaka gabiltzaz ia zer egingo dogun Errusiako gasa edo petrolio barik, baina zer egingo dabe Abascalek, Lepenek, … Errusiako babes barik?