Foderen kamisetaren boltsikoan arretaz tolestutako orri baten honako mezu hau topau eben: «Zuek ikusten badozue sakrifikatzen garela eta gure bizitza arriskuan jarten dogula, Afrikan danok sufritzen dogulako da; eta behar zaituegu pobreziaren aurka borrokatzeko eta Afrikan gudak desagerrarazoteko. Guk, halanda be, ikasi gura dogu eta ikasteko laguntza eskatzen deutsuegu, Afrikan zuek bezalakoak izateko. Amaitzeko, barkamena eskatzen deutsuegu gutun hau idaztera ausartu izanagaitik, zuek asko errespetatzen doguzan oso persona garrantzitsuak zarielako guretzat. Baina ez ahaztu zuengana jo behar dogula kexatzeko, gure indarraren ahultasunagaitik Afrikan».
Ginea munduko hamar herririk txiroenen artean dago, nahiz eta bertan munduko bauxita-erreserbarik handiena, urrea, diamanteak, burdin meatzak, aziendarako eta nekazaritzarako lur egokiak eta arrain ugari dagozan. Baina zelan da posible hori? Arrazoi batzuen artean, meatzen ustiaketa multinazionalen kontrolpean dagoalako eta esportazinorako zergek, baxuak izanik, ez dabelako ia etekinik itxiten.
Beste aldetik, emondako maileguaren truke, Nazioarteko Diru Funtsak Gineari merkatuaren liberalizazinoa inposatu eutsan. Horrek ekarri eban abeltzaintzan, adibidez, oso jarduera garrantzitsua izanda, Estatuak arrazoizko prezioan saltzen ebazan abereentzako botiken biltegia eta kontrolak haustea. Hori dala eta, multinazionalak eta odol-xurgatzaileak berehala sartu ziran prezioen gorakadea bultzatuz, azienda txiki eta ertain askoren desagerpena ekarriz eta ekoizle handienen okelaren prezioa herritar gehienentzat eskuraezina bihurtuz.
Ia paradisua izan eitekean herrian gosez hiltea edo paradisua ez diran herrietako bidean hiltea da afrikar askoren adua.