Lehen eguneko pasadizo batek, bada, gai hau berriro ekarri zidan gogora. Izan ere, supermerkatu batean arrandegiko saltzaileak zera gogoratu nahi izan zigun bezero guztiei: gure txanda itxaron barik, inguruko apalategietan mota guztietako arrainak zeudela, egun berean garbitu eta prestatuak. Erosoagorik ezin, eta denbora alferrik galtzeko inolako aitzakiarik gabe. Egia zen, baina itsasoa bete duten zorioneko plastikozko ontzietan, tamalez.
Nik, artean, ez neukan argi zein arrain mota aukeratu, eta amildegiaren ertzean kulunkatzea gustuko dudanez, nire denbora preziatua modu eskasean erabiltzea ebatsi nuen, alegia, itxaroten. Eta han zeuden itsaski mota guztiei begira jarri nintzen, izenak eta izanak elkar lotuz eta, bide batez, langileen euren disekzio lanak miresten hasiz ere: orain arrainen azala zabaldu, orain hezurren inguru ebakera garbiak burutu, orain mota eta tamaina guztietako xaflak eta xerrak prestatu… Hitz batez, lehengaiaren eraldatzen eman ohi diren pauso guztiak arretaz aditu nituen, bat ere galdu barik, artea leku eta modu askotan atzeman daitekeela ohartuz. Denbora ondo profitatuz.
Txanda heltzean, aholku emankor batzuen ostean, nire aukerak azaldu nizkion, eta horrekin batera plastikozko kutxa luzatu ere, eskatutakoa gordetzeko. Oraintsu hasi naiz erabiltzen, eta pozik. Oso ideia ona iritzi zion, bai, norberak bere ontzia eroateari, lehentxeago poliespanezko erretiluetara jo bazuen ere; baina zer egingo dugu ba, bezero guztien alde egon behar da eta, erosotasuna, badakizu… Bai, erosotasuna gauza itzela da eta.
Hala ere, gustuko dut nire denbora neuk kudeatzea, erosotasunaz hausnartzea, globalizazioaren gezurrak banan-banan aurkitzea, sistemaren sotiltasunak ikustea. Ez baikara ohartzen eroso eta arinaren izenean gutxika-gutxika gertatzen ari dena jada gertatzen ari dela.