Mark Twainek esana du: “Nire bizitza gauza beldurgarriz beteta egon da, asko eta asko inoiz gertatu ez badira ere”. Oso esaldi esanguratsua iruditu zait.
Egia da esperientzia txarrekin gure beldurrak areagotu egin daitezkeela, baina emozio hau unibertsala dela ere denok onartuko genuke, ezta? Are gehiago, oso lagungarria izaten da gure biziraupena, seguritatea eta elkarren arteko bizikidetza bermatzeko. Beste kontu bat da larregi bisitatzen bagaitu.
Beldurrak, bakarra izan arren, arlo guztiak hartzen ditu bere gain. Hurbilena fobia izan ahal da: leku garaiak, itxiak, zabalak, jendearen aurrean berba egitea… Baina badago apur bat sakonagoa dena ere: norbera izatea, maitatua ez sentitzea, bakardadea, pobrezia eta, jakina, zahartu, gaixotu eta hiltzea... Hala ere, aipatu bezala, funtzio bat betetzen du, akuilu egiten digu-eta aurrera egiteko.
Gutaz jabetzen denean, ordea, alde ilunez inguratzen gaitu. Mundua arriskutsua dela xuxurlatzen digu, besteengandik isolatu, lagun hurkoa arerio bihurtu, etorkizuna beltzez margotu. Eta orduan zaila izaten da gurpil zoro horretatik irtetzea.
Horregatik, honetan ere filosofia praktikoari kasu eginez, gure bizimoduaren inguruan lantzean-lantzean hausnartzea ona izaten da, horrek laguntzen baitigu erabakiak hartzen. Eta egunero ari gara erabakiak hartzen edo, behintzat, horretan pentsatzen: ikasketak aukeratu, lana aldatu, proiekturen bat martxan jarri (edo bertan behera utzi), lagunen arteko jarrerak landu, etorkizuna irudikatu… Eguneroko jardueran konturatzen bagara gure jarrerak beldurrarekin lotuak direla, oso informazio preziatua izango dugu, zalantzarik gabe.
Pandemia beldurgarriaren garai honetan barruraino sartu digute beldurra. Baina berarekin zer egin geuri dagokigu. Krisi guztiek bezala, honek ere aukerak eskaintzen ditu gure buruaz eta munduaz gehiago ezagutzeko. Beldurra maisu ona ere izan daiteke.