Horregatik “aditu” eta “ulertu”ren gaurko kontua, berba biak arras desberdinak izan daitezkeelako, batzuon iritzian.
Egunero eta kasik une oro erabiltzen dugu informazioa, kanpokoa zein barrukoa (gure buruko etengabeko jarduna, esan nahi da). Informazioa atzeman (ikusi, entzun…), jaso (identifikatu, aztertu, konparatu…), epaitu (iritzia eman…) eta gure ezagupenen sakura sartu. Dela erosketak egiten, dela berriren bat irakurtzen, dela inorekin berbetan… beti ari gara ingurunearekin harremanetan adimenaren bidez; pentsatzen, argiago esatearren.
Eman dezagun aditzea jatea bezalakoa dela: jaki zati bat ahoan sartu, haginekin txikitu, zaporea atera, aztertu, gozatu (edo ez) eta barrura. Aditzea arrazoimenaren bidez osatzen den prozesu mentala da: datuak jaso, gorde, erkatu, eztabaidatu, erabili.
Ulertzea, ordea, beste hariko ezpala dela esango nuke. Ondo ulertzeko, arreta guztia jartzen dugu, adi, so egin, aurreiritzirik gabe begiratu. Seguru asko, denok izan dugu une horietakoren bat, derrepentean zeozer argi eta garbi agertu den momentua, zalantza bakoa, gardena. Agian egindako lan handiaren ondorioz, agian irudi baten kontenplazio hutsean. Eta zentzua agertzen zaigu. Holango egoeretan lasaitasun sakona ohi da eta argi dago aurrean dagoena dela benetakoa, eta erreala. Hitz batez, dena delakoa ulertu egiten dugu. Esan dezagun jana irentsi ostean gure zelula guztietara barreiatu dela eta errealitate horren sentipen argia bere osotasunean oparitzen digula.
Batzuetan esperientzia hori adimenaren bidez aztertzen saiatzen gara, eta hor hasten dira nahasmenduak. Desberdinak direlako. Aditzea erabilgarria da; ulertzea, bizigarria. Aditzea pentsatuz egiten da; ulertasuna sentitu egiten dugu. Aditzeak jakintza ekartzen digu; ulertzeak, jakinduria.
Printze Txikiari kasu, eta norberak aukera dezala ze begiekin begiratu funtsezkoenari.