Munduan badira etengabe eragiten duten indar bi: bata jakintzaren indarra da, eta bestea, maitasunarena. Filosofiaren esanahi etimologikoak biak batzen ditu: jakinduriarekiko maitasuna. Deformazio existentziala izan daiteke, baina zeozerk harrapatzen baninduen, ahalik eta gehien ezagutu beharra nuen; dut, oraindik ere.
Bada, gaztea nintzela euskararekin maitemindu nintzen. Eta nire maiteminak gehiago jakitera bultzatu ninduen; horretan datza Txepetxen teoria, motibazioaren, ezagutzaren eta erabileraren ontzien bidez azaltzen duena. Nirea hasieran motibazioarena zen, jakinmina, baina besteak ere elikatuz joan ziren. Gero, erabilerak behartu ninduen gehiago ezagutzera, eta jakiteak erabiltzera behartu, nola ez. Oso joko polita da, oraindik ere. Honetan zorte onekoa izan naiz, leku askotan eta jende askorekin aurkitu baitut zer ikasi.
Harrezkero urte luzeak joan dira eta hamaika leku eta ingurumaritan ibili naiz, bai euskal tailerretan zein guraso elkartean, kontsumo taldean, Literaturian…; esan bezala, gehienetan bidaide atseginekin, eta beti ere euskarari lotzen zaion ikuspegi zahar bezain koloretsuak lagunduta. Gehienetan, bai, baina tira, oztopoak ere ezinbesteko ditugu errealitateari tamaina hartzeko, ezta?
Maitasuna bada eragilea berdin dio edalontzia erdi beteta edo erdi hutsik dagoen. Goza dezagun ura dagoen artean; horixe izango baita gure ondarerik onena.