Zer gertatzen ari da gure soldatekin?

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Larrazabal, ELA sindikatuaren eskualdeko arduraduna

Itziar Larrazabal, ELA sindikatuaren eskualdeko arduraduna

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 2015ean hileko batezbesteko soldata gordina, 12 ordainalditan, 2.250 eurokoa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Soldata horiek % 4,8 hazi ziren aurreko urtearekin alderatuta. Epe luzeko joera aztertuz, batezbesteko soldatak % 6,2 hazi dira 2008-2015 epealdian, EAEn. 

Tarte horretan, KPI metatua % 10 izan da. Azken urteotan aberastasunaren gero eta proportzio txikiagoa bideratzen da lan errentetara. Zehazki, Barne produktu gordinaren (BPG) % 46,7 bideratu zen 2015ean EAEn lan errentetara. 2010ean, ordea, guztiaren % 50,2 bideratu zen.

Horrela, guztira 992,8 milioi euro gutxiago eskuratu dituzte langileek EAEn azken bost urteotan. Hitzarmen motaren arabera, soldata altuenak enpresako edota lantokiko akordioa dutenek jasotzen dituzte EAEn: 2.751 euro. Eta, gainera, diskriminazio ugari gertatzen dira: emakumeen soldatak gizonenak baino baxuagoak dira, laurdena-herena bitartean; gazteen soldatak 45-55 urteko langileenaren erdia dira; kontratu partziala dutenen soldatak jardunaldi osokoen soldaten herena dira; kontratu tenporala dutenek finkoa dutenen soldataren heren bat gutxiago dute...

Txosten osoa: www.mrafundazioa.eus