Soldata sistemak ere desberdintasun egoera honetan oinarritzen dira sarritan. Gizonezkoei lotutako ahalmenak ordaintzen dituzten kategoriak edo plusak altuagoak izan ohi dira emakumekoenak baino. Kategoria edo organigramaren posturik gorenetan gizonezkoak dira nagusi enpresa gehienetan, bai esparru pribatuan, baita publikoan ere.
Emakumekoak dira nagusiki seme-alaben edo mendekotasuna duten beste senideen zaintzaz arduratzen direnak. Kontratu partzialak dituzten langile gehienak ere emakumekoak dira, kontratu hauek enplegua eta etxeko eta zaintza lanak uztargarri egiteko tresna gisa erabili ohi direlako. Emakumeko gehienentzat kontratu partzialak ez dira borondatezko aukera izaten. Egin diren lan erreformek, gainera, okertu egin dituzte langile guztien lan baldintzak, bereziki emakumekoenak.