Neuk urteak betetzen joan arren, aitortu behar dut eraldatzaileak diren herri mugimenduek oraindik liluratzen nautela. Eta aurten aipagarriak izan dira, nire ustez, jubilatuena eta Estatu Batuetako Me Too-k sortutako olatuan surf egiten indartutako emakumeen eskubideen aldeko mugimendua. Mugimendu feministak sortu didan zirrarari buruz hitz egingo dut.
Azken urteotan aldaketak egon diren arren, emakumeek oraindik esfortzu handia egin eta mila oztopo gainditu behar dituzte, zuzendaritza postuetara edo politikako goi-postuetara heltzeko, gizonen pareko lana eta gizarte maila izateko, kirolean lortutako arrakastak gizonezkoen mailara heltzeko (bai ekonomikoki, bai komunikabideetan); Hondarribia eta Iruneko alardeetan oraindik erdi ezkutuan desfilatu behar dute, eta herrikideen isekak eta mespretxuak jasan.
Eta gainera, gero eta emakume gehiago hiltzen ari dira gizonen eskuetan, euren jabetza legez hartzen dituztelako. Bortxaketa erabiltzen da, emakumeak mendekoak direla erakusteko. Emakumeak mintzeko, beren seme-alabak hiltzera ere hel daiteke. Eta egunerokotasunean, emakumeak ezin dira bere etxera itzuli arriskuan daudela pentsatu gabe. Horregatik, hasieran esan dudan bezala, Emakumeen Eguneko manifestazio jendetsuak haize freskoko bolada itxaropentsuak izan direla uste dut, “Manada”-ren epaiaren aurka jendeak kaleak bete izana eta gero eta emakume gazte gehiago antolatzea.
Gure gizartea aldatuko dutenak hauek izango dira: mobilizazioetan gero eta gizonezko gehiago egotea; biolentzia matxista eta emakume eta gizonen arteko parekotasuna hezkuntzan ardatz transbertsal bezala etapa guztietan lantzea; mugimendu feministari esparru batzuetatik botatzen dizkioten isekak ez onartzea; eta gizonok eztabaidetan beti defentsiban egon beharrean, arrazoiketa feministak gauza pertsonal moduan hartuz, jarrera eta esamolde matxistak baztertzea.
Oraintsu Zamudion ospatu dituzten Topaketa Feministetan dantzatu zuten abestiaren leloak dioenez, bada garaia “erre zituzten sorginen seme-alabok” ginarra hartu eta geure gizarte honi garbialdi bat emateko.