Hurrengo bost hilabeteotan, Saturnoren eraztunen artean sartuko da 22 orbita eginez eta irailaren 15ean planetaren atmosferaren barrura murgilduko da betiko desagertuz.
Alde batetik, aipatu behar da Planeten ikerketako misioen artean arrakastatsuena izan dela, beharbada. Printzipioz lau urteko misioa izan behar zen, 2008 urtera arte, baina Cassiniren funtzionamendu apartagatik, NASAk misioaren luzapena egitea erabaki zuen. Misio honen arrakasta nabarmenen artean, 2005ean ESAko Huygens zunda Titan satelitean lurreratzea izan zen, baita Saturnoren Encedalo satelitearen gainazaleren azpian urezko itsaso bat aurkitzea ere. Horrek Lurretik kanpo bizitza egon daitekeela frogatu dezake, ura egoera likidoan egotea behar beharrezkoa delako bizitza agertu ahal izateko. Aurkikuntzek Cassiniren “hilketa” aurreratua ekarriko du planetaren kontra zuzenduko dutelako. Modu honrretan, Saturnoren sateliteak zundak eduki ditzakeen mikroorganismoetatik babesturik egongo dira.
Beste alde batetik, bat baino gehiago egongo zarete zeuen buruari galdezka: “Eta zertarako nahi dugu Saturnora joan?, zergatik ez da dirutza hori Lurreko txirotasuna murrizteko erabiltzen, adibidez?”. Galdera logikoak izan daitezke, baina soilik datu batzuk eman nahi ditut gai honi buruz. Esaterako, Cassini-Huygens misioa europarrei 500 milioi euro kostatu zaigu, gutxi gorabehera 0.6 euro pertsonako. Are gehiago, harrigarria bada ere, Europar Espazial Agentziari Estatuak emandako euro bakoitzetik, Estatuko industria espazialak gizarteari 3.5 euro bueltatzen dizkio, % 350eko etekina! Beraz, argi dago ekonomikoki eta sozialki oso errentagarria dela, baina horrezaz aparte badago arrazoi gizatiar garrantzitsuago bat neure ustez: gizakiaren etengabeko jakin nahia.