Jakin badakit jende asko behartzearen kontra dagoela, baina zergatia jakin nahiko nuke. Seme-alabei jartzen zaizkien ohiko txertoekin ez dugu inolako arazorik; zergatik bai COVID-19aren aurkako txertoarekin? Berria delako? Arinegi lortu izanak zalantzak sortzen dizkigulako?
Argitu beharra dago bakarrik zientifikoki onartzen diren txertoak erabili ahalko direla, eta horrek bermatzen du txertaketa orokorra segurtasun nahikoaz egingo dela. Era berean, aipatu behar da edozein medikamentuk –ibuprofenoa, paracetamola eta abar– nahi gabeko ondorioak sortzen dituztela, eta, hala eta guztiz ere, hartzen ditugu. Txertoa, izatez, gizakiek osasun-arloan egindako aurkikuntzarik handiena da: munduan ia erabat desagerrarazi ditu hainbat gaixotasun, hala nola poliomielitisa, difteria, tetanosa eta baztanga. Historiako lehen txertoa baztangaren kontrakoa izan zen eta Edgar Jenner Ingalaterrako herri txiki bateko medikuak aurkitu zuen 1796an. Jenner honetaz konturatu zen: behien baztangarekin kutsatutako emakumezko esneketariak gizakien baztangaren aurka – behienarena baino askoz hilkorragoa– immunizatzen ziren. Medikuak lagin bat hartu zuen emakumezko esneketari batengandik eta zortzi urteko ume bati jarri zion. Umea gaixotu zen, baina 48 orduren buruan guztiz sendatu zen, eta gainera, emakumezko esneketariei gertatzen zitzaien moduan, baztangaren kontrako betiko immunitatea lortu zuen.
Harrezkero txerto asko garatu dira eta azkena COVID-19aren kontrakoa da, zeinaren garapenean, elkarri lagunduz, mundu osoko zientzialariek parte hartzen baitute. Argi dago zientzian dirua “galdu” behar dela. Zientziak aske egiten gaitu; aske, terraplanistengandik, homeopatengandik, negazionistengandik eta txertoen kontrako jendearengandik. Txertoa? Bai, mesedez.