Hau guzti hau posible izan da, txertoa sortzeko, oinarrizko zientzia erabili delako, ARN mezularian oinarritutako ikerketa hain zuzen. Katalin Kariko biokimikari hungariarrak 40 urtean etengabe ikertu du txertoak garatzeko teknika hori, 80eko hamarkadatik gaur egunera arte. Zailtasun izugarriak izan zituen 90eko hamarkadan, bere ikerketarako dirua lortzeko, inork ez baitzuen berarengan sinesten, eta ikerketa bertan behera uztea ere aztertu zuen. Hala ere, azkenean, Pensilvaniako Unibertsitateko fotokopiagailuan, Drew Weisman immunologoarekin egin zuen topo kasualitatez, eta horrek proposatu zion bere ARN teknika erabiltzea, hiesaren kontrako txertoa garatzeko. Ondoren, 2010. urtean, Moderna eta BioNtech enpresek erosi zuten ikertzaile bien ARN mezulariaren patentea, eta orain badakigu oinarrizko zientziaren ikerketan urteetan “galdutako” denborak salbatu dituela milioika pertsona hiltzetik. Nolanahi ere, aipatu beharra dago ikerketa hori txertaketa-prozesuaren hasiera izan dela, behar-beharrezkoa, baina ez nahikoa; hau da: teknologia (zientzia aplikatua) eta garraioa ere beharrezkoak izan dira txertoa ekoizteko.
Harritzekoa bada ere, urteetan etengabe ikertzen eta arazoak gainditzen ibili den zientzialari baten irmotasunak eta hura beste ikertzaile batekin topatu izanaren kasualitateak balio izan digute munduan izandako pandemiarik larriena ekiditeko. Oinarrizko zientzia, zientzia aplikatua eta teknologia behar-beharrezko ditugu gaur egungo erronkei aurre egiteko, eta, hortaz, herrialdeen urteko aurrekontuetan finantzazio egokia eta iraunkorra bermatu beharko litzateke gure ikertzaileentzat, liskar politikoetatik kanpo. Zientzia? Bai, mesedez.