Igo dute biek asto gainera, abadea aurrean, medikua atzean, eta hor doaz tipi-tapa, astoaren belarrietarako arrotz diren hitzak aipatuz: psikologia, parabola, gastritis kronikoa, eta abar. Kontua da, euri zaparraden ondorioz, erreketako urak handi direla. Halako ibai bat gurutzatzerakoan, astoari sakon sartu zitzaizkion aurreko hankak erreka bazterreko basartean. Belarri luzedunak pentsatu du: “Ai ene! Ni ez naiz anfibioa gero!”. Hala ere, ez du protestarik egin, abade bedeinkatua eta doktore jakintsua daramatza bizkar gainean-eta. Medikuak, berriz, sendo oratzen dio apaizari gerritik, esanez: Ene badatxua, nirea izan da! Kosme eta Damian santuok, lagundu! Egoera apokaliptiko horretan, apaiza begiak zerura jasorik Aita Gurea errezatzen hasi da. Eta doktoreak ahots dardartiz dinotso: Jauna ez beza otoitzik egin berorrek ze, astoa belauniko jartzen bada, hirurok itoko gara.
Dena dela, ez dakigu Mauri errotari gaixoa osatu zen ala ez. Badakigu, medikuak sendatu ez bazuen, abadeak bedeinkatuko zuela zerurako bidaian.
(*) Ahozko moduan esaten dana, letra baltzez doa