Mundu honetan ez da faltako zeresana

Erabiltzailearen aurpegia a: Aritz Albaizar 2017ko uzt. 21a, 11:47

Ideiak paseko txoriak dira, gaur hemen eta bihar han direnak. Era berean, pertsonaren fama ere hegoduna da, hara-hona dabilena, zurrumurruen uhinek eraginda, pertsonei izen ona eman nahiz kendurik.  

Eguneroko bizitzan, epaile jokatzen dugu ingurukoekaz, baina arau bako epaile izanik. Batzuetan ahora datorkiguna esaten dugu, birritan pentsatu barik. Beste batzuetan, larregi pentsatuta, borondate txarrez, kalte egiteko. Kasu guztietan, txutxu-mutxu sortzaileek euren burua hartzen dute neurritzat, eta gero neurri horren arabera kritikatu besteak.

Edozelan ere, guri zurrumurruen bidez jarritako San Benitoen aurka ezin jokatu dugu Jano jainkoaren aurpegi biak ipinita -aurrera eta atzera begira, zelatan-, bizi egin behar da-eta. Gutariko bakoitzaren edo gure ekintzen aurka entzuten diren marmarrak olatuak dira, haize boladak, zibilizazio likido honetako itsasoan jotzen gaituztenak.

Gure esku dago lemari sendo eustea itsasontziak aurrera jarrai dezan. Geure buruaren kontrola ezin laga dugu besteen iritziaren menpe. Gure iritzia besteen -erakunde nahiz pertsonen- iritzia baino baliokoagotzat hartu behar dugu, lankidetzako gizartea eraiki dezagun. Gizarte horretan sor dezakeguna adierazteko, Lennon eta McCarney-ren ereduaz balia gaitezke: bakoitza bere aldetik abesti-idazle handiak ziren, baina biak batera, bat gehi bat baino askoz gehiago.

Finean eta buruan, Lezaman esaten denari egin behar diogu aurre:

Handia bada, kankala;

txikia bada, enana,

mundu honetan ez da faltako

zeresana. (Jon Aurrek Lezaman jasoa)


 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).