Filosofia apur bat

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Goikoetxea 2017ko ira. 13a, 10:38

a: Aritz Albaizar

“Filosofia baino, oilozopia hobe” 

Errukiz beterik begiratuko leuskio pirata begibakarrak mugikorra eskuan dala begiak pantailara josita daroazan neskari, ze begiak ez eze burua be pantailan sartuta doa, inguruko pertsonei nahiz txoriei ez ikusia eginik.

Gazte hori robotikak eta informatikak liluratuta bizi da. Baina ez bera bakarrik, LOMCEko agintariak eurak be ikasgaien familiako ahizta txirotzat hartu dabe filosofia-eta. Era horretara, nekez lortuko da gaurko wifiek inguratutako teknologiaren munduan  humanismo klasikoak bizilekua aurkitzea.

Irakasleek, bestalde,  hasarre dihardue filosofia ikasgeletatik baztertzeko joeraren aurrean.  Arrazoi osoz, gainera, jakitun diralako filosofiarik barik zein hutsune larria sortzen dan ikasketetan. Irakasleak, filosofiaren talaiatik begiturik, ohartzen dira zelan gai hau izan dan jakintza-arlo guztien topagunea. Enrike Zuazuak dino filosofia eta matematikak, esate baterako, ahiztak dirala, eta logika gaian topatzen dabela alkar[1].

“Filosofia baino, oilozopia hobe” errepikatu izan da euskaldunon artean, gai hori oso praktikoa ez dala erakutsiz. Edozelan be, konturatu behar genduke, batetik, botere politikoa bera be ez dala bizi ideia filosofikoetatik kanpo, eta bestetik, gehiegizko informazino sasoi honetan, inoiz baino beharrezkoagoa dala filosofiak eskaintzen dauan pentsakera kritikorako gaitasuna, informazinoak ez dakar, berez, jakituria-eta. Nahiz eta, itxura baten, telefono mugikorretako mezu mordoek asko dakigula pentsatu eragin, filosofia lehen baizen beharrezko da geure egunotan be.



[1]   Enrike Zuazua, Filosofiaren defentsan, 87, 2017.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).