Alfontso Irigoien euskaltzainak errepikatu ohi zuen, Napoleonen heriotza eguna ikastea baino axola handiagokoa dela “neu jaio naizen eguna”, alegia, joankizuna baino etorkizuna dela garrantzitsuago.
Etorkizunari begira, ondo dakit ez naizena gazteria digitalaren belaunaldikoa; nik kanpotik egiten diet so begietara, periferiatik -periferia grekotik hartu dugun berba euskalduna da-.
Basil Bernsteinek (2000) deskribatu zuenez, nik identitate retrospektiboa jaso nuen ikasketetan, Atenas-Erroma-Jerusalem-ekoa, eta gaur identitate pedagogiko prospektiboak behar dituzte 18 urtekoek. Niretzat 2018an erraz-erraza da atzeraka aritu eta 1918ra bihurtzea, ze aurten 100 urte beteko ditu Euskaltzaindiak. Edo 1818raino joatea ze, urte hartan idatzi zituen Bizenta Mogelek -gure lehen emakume idazleak- “Gabon kantak” Bilboko elizetan urterik urte abestu ohi zirenak. Edo, gura baduzue, berez-berez itzul naiteke 1718ra Sarako Etxeberri medikuak “Lau-Urduri Gomendiozko karta” argitaratu zuen urtera, zeren egilea bizi zela inprimatutako idazlan bakarra izan baitzen, hartan ere, Baionan.
Edonola ere, gerora bidean, teknologia berriak pedagogia moldatuz doaz pitike-pitike eta, zoritxarrez, guraso nahiz irakasleek nekez lagun dezakete gazteen heziketan, estatuak baino haragotik datorren unibertso digitala oraindik curriculum ezkutua delako.
Adibideak adibide, dakidana da, ama zena bazkalorduan deseroso sentitzen zela mahikideok isilik geratzen ginenean. Uda honetan, ostera, beroaz egosita tabernaratu ginenetariko baten, bikote bik mugikorra eskuan dela, ia ordu betez iraun zuten mutu. XXI. mendeko gazteak beharko du prospektiba zuhurtasunez landu.