Geldoetako Bitorianoren koplak minidiskean grabatzen genbiltzala, konturatu nintzan haren lobek eta ilobek ez ekiela aitita koplaria zanik be; eta auzoko zaharrenak Kaminoko 40 kopletarik bakanen bat gogoratzeko gai zirala. Hori guztiori, Bitoriano Bolunburu hil zanetik 60 urtera.
Zorionez, badira taldeak -emakumeena kasurako- gizartearen ezikusiaren aurrean memoria historikoa berreregiten dabiltzanak; memoria ofizialaren aurrean, oroitzapen herritarra idazteko. Halanda guzti, asko da jasotzeko dagoana eta jagoteko gure kulturako zein ondareko aberastasunetan. Adibiderako, Sagrarioren oraintsuko kontakera: Aitatu dituanean Derioko kanposantuko afusilatzeak, hango tiro-hotsa, jatsi egin dau ahotsa bildurraren eraginez, 80 urtegarrenean. Bada zer batu.
Bestalde, aurrekoengandik hartu doguz bizitza nahiz hitza geuk jagon dagiguzan, baina hurrengoentzat geu gara iragana. Landu eta osotu egin behar dogu gaurko kultura nahiz ondarea, ibili ez daitezan ostekoak memoria eregi ezinik.
Horreri begira, zein etxe gitxitan praktikatzen dan zahar-gazteen arteko dialogoa bazkaltzean edo afaltzean telebista paretik kenduta! Ez dagigun uste izan eskolak dana konponduko, transmitiduko dauanik; irakaskuntza ez da magia.
Ez geunke ahaztu behar gaurko andra-gizon nanook aurrekoen bizkarrean goazala, nanoak erraldoien sorbaldan.