Euskaldunon bazkari nahiz afarietan, dena ez da jan-edana, anekdota, pasadizo edo istorio kontaketa ere ospakizuneko parte da.
Euskaldun kulturadun batzuek anekdota adierazteko gurago dute pasadizo hitza erabiltzea, edo istorio. Nik neuk argitaratu ditudan liburuetarako “Euskaldunaren Anekdotak” aukeratu nuen. Badakit Txillardegik maiteago zuena pasadizo berba, anekdota baino, kritika egin zidan-eta. Istorio, ordea, sarri topatzen da euskal letretan, ezen ingelesa irakasten denetik gora, ezaguna baita story-history bikote anglosaxoia. Anekdota terminoaren aldeko argumentua da: guraso grekoak dauzkan euskal berba kultua dela, izena bezain izana prestigiozkoak dituena.
Bestalde, guk sarritan ezkutatu edo aldatu egiten ditugu anekdotetako subjektuen izenak, ahaideak mindu ez daitezan.
Katilu Galdakaoko dinamitan da guarda pistoladuna. Gorputzez sano morrosko sendoa duzu, baina bekokia zabalera gutxikoa. Behin, Arratiako eskualdean abenturak eta desbenturak bizi ostean, Cadizera joan zaizu dinamita-kamioiko jagole. Bertan lana amaitu duenean, tabernara jo du. Karta jokoan dihardu talde batek. Katiluk, joko-mahaiko jokalariaren atzetxoan zutik, ekin eta ekin: “Eso no, hombre, así no!”. Orduan, mahaiko jokalari nagusiak, haserre bizian zutunduz, plaka erakusten dio: Teniente de la Guardia Civil. Eta Katiluk, pistola gerritik atera eta: “Katilu de Dima, manos arriba”. Katiluak, gero, hiru egun kalabozoan.