Pikutara, txoritara, joana da presentea bakarrik dakienarekin etorkizunaz mintzatzea, eta zer esanik ez eternitateaz berba egitea.
Carpe diem esloganak dakarren estrespean bizi garenez -ahal den guztia eta guztiaz egoismoz gozatuz, eta auzolana zokoratuz-, badirudi pazientzia barik bizi garela, partidua amaitu baino lehen saria eskatuz. Baina txapela esku-pilotako partiduaren bukaeran ematen da, edo eskolako kalifikazioak kurtso amaieran. Begira, bestela, suspentsoz beteriko Patxo Borraskaren semeari. Eskolan azkena den arren, aita harro-harro agertzen da semearen alde. San Martinetako herri-bazkarian esan dio Miren erizainari:
-Zure semea, Miren, gure Martintxori esker dabil ondo eskolan.
-Zer dinok, Patxo? Hire mutila klasean azkenekoa dok-eta!
-Horrexegaitik, ba, Miren! Nire semea azkenekoa ez balitz, zeurea izango litzateke akabukoa; neure semeari esker ez da zurea ikasgelako txarrena.
Gabon zahar ere, urteko azken eguna da, zorionen eta zoritxarren helmuga. Gure etxeetan, “azkenak atea itxi” esaten da. Gabon zaharrak ere urtea zarratzen du, baina ate bat ixten denean, beste bat zabaltzen da -dio atsotitzak-. Horri esker, irekitzen den ate berriaren aurrean kantatuko da 2019an: “Aterik ate ohitura zaharra aurten berritzeko asmoz”. Horrela zaharra berrituz.