“Zorion etxe hontako denoi,
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz,
baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi dugu gogoz”.
Ohiturari jarraituz, abesbatzako neska-mutilak joaten dira aterik ate, etxerik etxe, kalerik kale, bertsolaria edo kantaria tartean dela, makila eskuan, eta otzara besoan. Agurra kantatzen hasi baino lehen, itauna egiten du koruko solistak edo aurrelariak: Kantatu ala errezatu? Errezatu –etxekoren bat zendu bada–, eta taldekoren batek Aitagurea edo Agurmaria jakingo duelakoan.
Tradizioari eutsiz, helburu bi bete gura izaten dira: Santa Agata martiriaren berri ematea eta dirua batzea. Orain urteak, jatekoa edo edatekoa eskatzen zen –odolosteak, txorizoa, arrautzak...–; gaur egun dirua da gurago, lagunarteko afaria egiteko.
“Orduan –orain urteak– Santa Ageda kintoek egiten eben. Sei edo zortzi-edo etorten ziran. Egun hotza! Ez dakit edurra izan ez bazan. Gure amak taloak euki zituan azpiran eurentzat. Derio txikerra zan. Ordu erdi edo egoten ziran etxe bakotxean. Txarria be hilda euki genduan. Ama difuntuak saiheskia eta txorizoa ipini eutsen taloagaz. Hareek ekarri zeudian gosea eta hotza. Behingoan amaitu eben dana”(1).
Tradizioak aldatuz doalako irauten omen du: Iñaki Basartek reggae musikaz kantatzen dizu orain Youtuben Santa Agata.
Betiko oinarrian
euskal herriz herri,
gure Santa Agata
urtero da berri.