Sarri aitatzen eban Patxo Torrotok -aita zanak- Mungiako Rakuren esaera: “Dirua ez da galtzen, Patxo, dirua eskualdendu egiten da”. Rakuren esamolde hori parafraseatuz, neuk be errepikatu gura dot: Mikel ez zan galdu, Mikel eskualdendu egin zan.
Karmelo Etxenagusia -gotzain idazleak- idatzi eban: “Greziako Filipo II.a ez zan inor izango, Alejandro Handia -Alejandro Magno- bizi izan ez bazan, ze harek egin ebazan bere aita eta Olinpia bere ama handi. Orduan, guk Mikel Zarate euki ez bagenduan, euskara ez zan izango gaur dana.” Baina, bestalde, Mikel Zaratek berak be, gu hemen egon ezik ez leuke eukiko oihartzunik. Hondartzara begira paratzen garanean, ikusten dogu zelan aurreko olatua atzekoak bultzatzen dauan. Halandaze, Mikelen olatuari geuk egin behar deutsagu indar. Horretan, -orain 15 urte- Lezamako Zorrizketan Euskera Alkartekoak emon eutsen bultzakada gogoangarria Mikel Zarateri omenaldi bikainaren bitartez. Gaur Txorierriko Ahobizi eta Belarriprestok, kopla gitxiago eta ekintza gehiago egin beharko geunke, ahobizi baino ahoz bizi ez gaitezan.
Eskualdendu jakun Mikel eskuratzeko, euskara gaztea eta mugikorra behar dira Txorierrin, ostantzean, haren euskal idazle lanak ez dira izango “handitzen ari den oihaneko zuhaitzak”.
Ni banaiz Mikelen lagun,
ze bizi naiz euskaldun!