HERRIA Baionan argitaratuak hauxe dakar otsaileko 3488 zenbakian Jon Lopategi txapelduna dela-eta: “Berriketariek ez dute aipatu Iparraldean eta Iparraldeko bertsulariekin zonbat aldiz kantatu ukan duen 1958tik goiti Jon Lopategik. Urruñan, Donibane Lohizunen, Aiherran, Kanbon, Baionan, Irisarrin, Ahetzen, Urepelen, Alduden, Itsasun, Saran, Ezpeletan, Hazparnen barna. (...). Ez dugu ahantziko” baieztatuz amaitzen du artikulua Jean-Louis Harignordoquy-k.
“Ez dute aipatu” esanez kexatzen da iparraldeko euskalduna hegoaldekoez. Ez da lehenengoz, ezta, zoritxarrez, azkenengoz gertatuko hegozentrismotik begiratzea iparraldeari. Euskal Herria bat dela diogu; ilargia ere bakarra da, baina alde bat ilunean du.
Txorierritik begiraturik, ostera, Jon Lopategi etxeko da, bertoko, joaneko bezainbat etorkizuneko, ze berak ereineko haziak dira 2019an bertso landare handi: Etxahun eta Ortzi, esaterako. Hogeita bost urte igaro dira Jonek Txorierri institutuan ikasleak kantari jarri zituenetik; neska-mutilei bertso hotsaren beroa barreneraino sartu zietenetik.
Kontua da, egunetariko baten tabernara gonbidatu nuela bazkaltzera Jon. Jantokian jarririk, karta eskuetan dakarren zerbitzariari Lopategik:
-Nik egunekoa, kartarik ez!
-Hola bada, beste jantokira aldatu beharra duzue menua jateko –zerbitzariak.
–Gaurkoagatik berton –erantzun nuen nik.
Azkenean, menu-menua hartu genuen. Jon Lopategi halako euskaltzalea zen, utopia motxilan zeraman bertsolari-gidaria. Pertsona txapelduna! Laguna!