Dena den, itaunduz gero zertan diren desberdin euskara mota biok, erantzuna ez da hain gardena edonorentzat, baina bai Iñaki Gaminde Terrazarentzat, ze jakituna da, sakon arakatu du Txorierriko euskara. Horren erakusgarri dira liburu formatuan argitaratutakoak: Zamudio berbarik berba; Derioztarren euskara, Lezama berbaz berba. Eta artikulu oso ugarien artean: Larrabetzuko testuen prosodiaz, eta –Txorierri osoari dagokiona–: Erlatiboak Txorierrin liburu ataletan argitaratua.
Bestalde, Bizkaia osorik hartuta –barruan Txorierri dela–, Bizkaian zehar euskararen ikuspegi orokorra liburua, bizkaieraren entziklopediatzat har genezakeena. Hor batzen dira euskaldunen ohiturak, jakituria nahiz jokoak, adibiderako Ahuntz erdara. Erdara hau esaldi arruntak silabaka banaturik, erdian “T” edo “P” tartekatuz antolatzen da. Esate baterako Larrabetzun: Miren> ti-MI-ti-REN eta Arrietan te-MI-te-REN; Nora zoaz?> NO-po-RA-pa-ZO-po-A-pa-Z. Ahuntz erdara hau guztiz aproposa da eskolarako edo entretenigarritzat erabiltzeko.
Horrez gainera, ikus-entzunezko materialak ere eskura jarri ditu Iñaki Gamindek taldean lan eginez: Bizkaian zehar kantetan CDa; eta Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia eta Karmele Perezekin batera Eskolako Material Lantegia izeneko DVDa. Hortik at, zelan ahaztu “Irakurketa Ozena Bizkaian lantzeko materialak” bikaina.
Ni neu itzel poztuko nintzateke Iñaki Gamindek bildu eta landutako gure ondare aberatsa ezagutu, erabili eta ikasiko balitz eskola, euskaltegi nahiz etxeetan.
Eskerrik asko, Iñaki, Txorierriko euskaldunon izenean. Jarrai, ez jadanik EHUn irakasten, bai Euskal Herrian ikertzen.