Ondo dakizunez, Zer-nori-nork da irakaskuntza, zerbait norbaiti nonork irakastea, transmisioa. Kontuan harturik, ez dela nahiko irakurtzen jakitea irakurketa irakasteko; jakinik, maistra edo maisua ez dela soilik matematikan jakitun edo soilik psikologo. Irakasleon zeregina da biziaraztea gazteari geuk bizi izan genuena, alegia, zerbait berri edo interesgarri ikastean ezagutu genuen pozaldia gozatu eragitea: irakurketa liluragarri hartako istorioa edo geografiako mapa hartako misterio ahaztu ezina.
Erraz ikus dezakezunez, eskola edo ikastola ez dira self-service guneak, besterik eta bestela dira. Bada internet; bada Google; badira tabletak -liburuak ere bai, jakina-. Hala ere, makinak ezin ordezka lezake irakaslea; irakasleak burua lantzen du, baina bihotza ere bai. Bizimodua zenbakiak dira, baita humanismoa ere. Horregatik sentitzen dugu zirrara Salameroren olerkiarekin: “Nahi nuke 2 eta 2 lau izanik, 1 soberan geratzea, zeuri oparitzeko”.
Irakasle izateak, ikasgelaz gainera, gurasoen ataza ere bere gain du, baita txostenak betetzea ere; administrazioari erantzutea; batzar amaigabeak jasatea. Hau da, eguneroko errutinaz batera, irakaslearen ideala zaintzea.
Albert Camus-ek nobel saria eskuratzean, berba hauekin erakutsi zion esker ona txiki denborako irakasleari, bera gabe ez zelako horraino iritsiko: “Zeure ikasle txikerretariko bat naiz, utzi ez diona esker oneko ikasle izateari”.