Ikastetxe barrura sartzen bazara, Asun Basaras aurkituko duzu erantzuteko prest-prest. Dioenez, 1983an sartu zen institutura, eta aurten alde egingo du. Garai hartan, lau kurtsoko BUPen, 28 irakasle ziren; gaur haietarik bat ere ez da gelditzen; belaunaldi aldaketa osoa gertatu da. Edozelan ere, gaur egun ez da indarrean orduko batxilerrik, gaurko egituran DBHko lau kurtso eta Batxilerreko bi dira.
Lehengo irakasleria eta oraingoa erkatzeko eskaturik, hauxe erantzuten du Asunek -diplomazia pitin bategaz-:“Etorri diren irakasleak “gogoz etorri dira”; “inplikatu egiten dira”, eta “euskararen erabilera osasuntsua dute”.
Asuni Batxilerraz iritzi profesionala emateko eskatu diogunean, berehala erantzun du: “Batxilergora heltzen direnak bide onetik doaz, ederto, baina Txorierri Institutuko Batxilerra indartu beharra dago. Estatistikek adierazten digutenez, ikasle kopuru handia kanpora doa DBH bukatzean. Ostera, ikastetxe kontzertatuetan, gutxik egiten du alde. Guk Lanbide Heziketa publikoa behar dugu, erdi mailako eta goi mailako zikloak. Honetan Institutua hankamotz geratu da”.
Asun Historian eta Geografian aditua dela dakigunez, Euskal Herriko historia eta geografia nahiko ikasten den galdetuta erantzun digu gutxi irakasten dela; DBHko 1. mailan ezer ez; 4. DBHn eta 2. Batxilerrean gehiago. Esaterako: foruak, 2. Errepublika Euskal Herrian, eta abar.
Zoritxarrez, gainditu ditugu 1.500 karaktere, Asun, amaitu egin behar dugu. Lastimagarria, hainbeste jakin, eta hain gutxi azaldu ahal izatea. Mila esker. Ikasle izan dituzun neska-mutilak itzel poztuko dira institututik at zeurekin topo egitean.