Ur hotza ukitukeran ap! esaten da, eta beroa bada txut!. Epelagatik, ostera, ez da holakorik esaten. Egia esan, epel biziz gero, ez gara helduko oso urrun. Gaur egun, sare sozialen eta eskufonoen eraginez, gazte eta ez hain gazte asko erdi bakartuta ikusten dira. Ezagun ditudan batzuk Instagrameko kide edo Whatsappeko partaide badiren arren, ez dute parterik hartzen auzoko jaiak antolatzen; ez herriko kultura ekintzetan; ezta plastikoak batzeko ahaleginetan ere. Badirudi mundu birtualean edo bizi direla. Baina mundu birtuala eta erreala ez datoz bat.
Gure lurretan ezin bizi gintezke epel, pasibo: edo ap! edo txut! Hurrean bizi direnek behar eta gura gaituzte inguruko zereginetan; Euskararen Herriak behar gaitu. Hara! Inoiz trenean joanik kabinara sartzeko aukerarik baduzu, bertako kontrolagailuen artean “makinistaren pedala” topatuko duzu. Tresna edo botoi hori da iragartzera emateko, ea inor gidatzen ari den, irten egin duelako edo konortea galdurik aurkitzen delako. Ez bada gidaririk edo gidari hori hil egin bada, pedala -makinista hilaren pedala deitua- inork ez sakatzean, larrialdietarako galga sartzen da indarrean, eta bultzia bat-batean gelditzen da trenbidean.
Josu Naberanek idatzi zuen Berria egunkarian, 2019ko urtarrilean, euskal sena aintzat hartuz, etxea, auzoa eta komunitatea oinarrian direla jokatzea dagokigula euskaldunoi. Beste era batera esanik, auzolanetan parte hartzea, talde lanetan. Zertarako? Irabazte asmorik bako ekintzetarako. Hasi eta ikusiko duzu, “Ekinaren indarra, ekinez neurtzen da-eta”.
Makinista -herritarra- treneko pedala zapaldu barik badoa, lo dagoelako edo alfertuta, edo niri bost axola pentsaturik, herrietako dantza, abesbatza, euskara elkarteak galdu egingo dira, trena geratu egingo da; erdararen aurrean begiak nahiz ahoa zabalik biziko gara. Hemen berezkorik ez dago, txomin-belarra edo saguzar-birusa izan ezik -eta berau zalantzan-. Gainera, nonon edo zeozertan nonor ez bagara, bezero, txerto-hartzaile, zenbaki huts, bihur gaitezke.
Irakurle, eutsi pedalari! Ap! edo txut!