Orain 15 urte Maria Arrietagandik ikasi nuen kopla zaharraren ahapaldi hau: Begire nago begire / goiko kamino barrire / noiz etorriko ete dan ai / neure maitea herrire?. Erraz ulertuko duzunez, irakurle, koplak sentimendu karga ere badakar barruan; niretzat ez da edozein kanta bezalakoa. Eskolan, eduki linguistikoez gainera, ikasleen alde psikologikoa eta motibazioa izaten dira kontuan. Hizkuntzen ikasketa eta beste ikasgai batzuetakoa desberdinak dira. Zergatik? Hizkuntza pertsonaren alde sozialari dagokiolako.
Irakasleak ere sor ditzake ikasgelan neuk abestiarekin jaso ditudan sentimenduak edo antzerakoak. Lor dezake etxetik euskaldun datorrenaren enpatia, euskararen aldeko jarrera; baita etxe erdaldunetik datozen neska-mutilentzat ikasgelako euskara etxeko bilakatzea ere. Kopla hau buruz ikastea helburu horrekin landu daiteke. Nola? Kopla zaharrak Tapia eta Leturia–Amuriza diskoko Begira nago begira erabiliz.
Ondoren, metodo egokia da –abestia ikasi ostean– esatea: Orain idatzi kopla hau Euskaltzaindiaren arauen arabera. Adibidez: “Begira nago begira”. Eta zerbait bizkaierakoa bada, batuan idatzi: ete bizkaierazkoa ote idatzi. Horrela, bizkaiera eta batua, bitzuak ikasten ditu ikasleak.
Jarraian, kontsultatu “begira” berba Euskaltzaindiaren hiztegian edo Adorez hiztegietan, edo beste batean. Ikasiko duzu adiera bat baino gehiago dituela. Lehena: “Zuri begira (begiratzen) gelditu da Miren”. Bigarrena: “Autobusari begira nago (itxaroten)”. Beraz, lehenengo esanahia da: so egin eta bigarrena: itxaron. Hirugarrena… Hemen galdera bat sortzen da Hezkuntza Sailerako: Zein da arrazoia paperezko hiztegiak ez edukitzeko ikasgelan?
Azkenik, –koplaren silabak eta errimak ulertu ostean–, esan dakioke ikasleari: Orain zeuk sortu kopla bat denon artean kantatzeko. Koplarako gaia: Laguntxo bat duzu zain (begira) musikara joateko.
Artoa eta garia hizkuntza berekoak dira –gramineak–, baina era desberdinean landu behar dira ikasgelako ortuan.