Kentzen badizkiozu euskarari grekozko hitzak, zer kenduko diozu? Mendiari gailurra; piramideari edo triangeluari erpina, trapezio bihurtuz, eta euskarari kultua izateko terminoak.
Gainera, grekoak izen ona eta prestigioa ematen ditu. Ez da maila bereko elea okulista eta oftalmologo; kailista eta podologo. Erroman Cesarrek herritarrekin eta soldaduekin latinez egiten zuen berba, baina bere ingurukoekin eta kultura mundukoekin grekoz. Horrela agertu ziren Erromako inperioan hizkuntza maila bi: goikoa grekoa eta apala latina. Horiez gainera, baziren beste maila eta estiloak ere, baina denak grekoaren azpian, latina baino gorago zegoen-eta.
Horren harira dator Cesarrek Brutori esan ziona, honek azken aiztokada eman zionean:
- καί σú βρουτε τέkνον μου;
Eta ez latinez:
-Tu quoque, Brute, fili mi.
Euskaraz esango genukeena:
-Zuk ere bai, Bruto, ene seme?
Hortik gora, irakurle, grekoek hizkuntza trebatua eta prestatua laga ziguten pentsamendurako. Grekoak Europako hizkuntza guztietan oso eragin handia eduki du.
Federiko Krutwig jakituria handikoak idatzi zuenez, “Europako kultura osoa Grezian sortua da, grekoek asmatu eta aurkitu dituzte gure kultura-modelo eta estruktura guztiak, bai literaturan, bai musikan, bai arkitekturan, bai filosofian; baita jakintzetan ere.
Euskal Herriko mitologia ere konturik garrantzizkoenetan Greziatik etorria da, Tartalo eta lamiak etorkiz grekoak dira. Eta Euskal Herrian bezala beste europar herri guztietan ere bai”.
Guk begiratuko bagenio Europako hizkuntzetako kultur hitzen tesauroari -tesauro grekotik dator-, laster ohartuko ginateke erdia baino gehiago grekoa dela, eta sintaxian eta morfologian ere bai.
Greziako iturritik edaten du ingelesak, espainolak, frantsesak nahiz euskaldunak. Iturri berbereko ura edaten dugu. Beraz, ez gara ingelesaren menpeko, ez espainolaren, ez frantsesaren.
Erabil ditzagun grekozko berba euskaldunak. Izan gaitezen batera euskaldun eta unibertsal.