Martxoaren 10ean dihardut artikulua idazten, Sarrionandia Baserri Antzokira etorri baino lehen. Hau harridura, irakurle! Joseba aurpegiz aurpegi ikusi dudala 46 urte dira. Oker ez banago, 1976an Uztaritzen, bera 18 urteko zela. Gogoan dudana da, Arzalluz politikaria ere aretoan zelarik, eztabaidak sugar handiak piztu zituela. Eztabaidarako gai askoren artean, bat hurrengo urteko hauteskundeak ziren, 1977koak, 41 urtez hauteskunde barik egon ondoren -1936tik 1977ra- burutzeko zirenak. Baliteke neu izatea bilkura hartan azken berbak esan zituena. Zalantzarik ez dudana da Josebak argi bezain garbi daukala zelan Udako Unibertsitate hartan partaide izan ginen.
Harrezkero, Euskal Herria itzelean aldatu da, eta Sarrionandia geure artera etorri. Nik izan dut aukera telefonoz -berak smartfonoz hitz polita darabil- harremana izateko. Halanda guzti ere, estimatuko nuke musturreko barik komunikatzea, ahots hots beroa entzutea.
Berez, berba egiten ikastea fenomeno naturala da, sendiko eta inguruko bizitzak eskaintzen diguna. Irakurtzea, ostera, ez da izan fenomeno naturala inoiz; irakurketak ahalegina eskatzen du. Gero, ondo irakurtzen ikasi bada, ondo idazteko bidean gara. Orduan, nonork irakurtzen badaki, edozein liburu gerta dakioke egoki? Tira! Mendi guztiak ez dira altura berekoak. Everest-era igotzeko eskalatzaileak behar-beharrezko ditu: katu-oinak, kordak, esku-babesa, kaskoa, arnesak eta gainerako tresna guztiak.
Joseba Sarrionandia Uribelarrearen sortze-lanak irakur ditzagun, zer tresneria da oinarrizko? Hitzaren bidezko artea, ahozko literaturakoa eta literatura idatzikoa atsegin izatea, gura izatea. Sarrionandia berton dugunez gero, zer irakurtzea gomenda daiteke? Poema musikatuak ditun maite? Har ezan beraren Poema musikatuak liburukia. Ipuina duk gogoko? Narrazioak liburua duk aproposa. Prest haiz 708 orriko saiakera liburuan murgiltzeko? Hartu esku bietan Moroak gara behelaino artean? liburu entziklopedikoa.
Korrika dabilen euskaldunak, zer gozagarriagorik sarri-sarri irakurtzea baino!