Noizean behinka, behar beharrezkoa dugu teknologiari oporrak ematea, pantaila txikiko monokulotik mundua, lagunak eta kultura beti ez ikustea. Berez, liburu elektronikoak itzelezko abantailak ditu: ez du pisatzen, ez hautsik batzen; aproposa da kontsultetarako nahiz bilaketan aritzeko edo bideoekin loturak egiteko; USB bakarra nahiko duzu liburutegi osoa eskura edukitzeko.
Paperezko liburua eskuetan edukitzea, ostera, lasaigarria da. Izatez, liburuak bidea eta bidaia dira. Bidea idazleak eraiki eta ireki du. Irakurleak bidaiariak dira, idazlearekin erromes doazenak. Batak eta besteak elkar behar dute, ezen idazleak sortutako bidea ez da amaitzen harik eta irakurleak liburua irakurri duen arte. Bidean doazela, irakurleak pasarte zoragarriak aurkituko ditu edo ideia sakonak -telebistan entzuten ez direnak-. Bestalde, irakurle hori beti ez da bat etorriko idazlearekin. Hiru irakurle ari badira liburu berbera irakurtzen, hiru ikuspegi desberdinetatik begiratuko dute. Urliak esango du: “zein kanpandorre handia!”; sandiak: “hori gotikoa duzu!”; berendiak: ”zenbatek galdu ote zuen hor bizitza!”
Une oro izan behar genuke gogoan -formatuak formatu- helmuga irakurri egitea dela. Estatistikek dioskute, liburu-irakurleen artean, 10etarik 8k papera erabiltzen dutela; argitaletxeetan paperezkoen portzentajea gora joan dela; liburu elektronikoen ekoizpena, aldiz, behera.
Gure irakaskuntzan, ofizialki, ia diru guztia onlinerako erabiltzen denean, ez genuke ahaztu behar Silicon Valley-koen seme-alabek arbel eta paper artean jasotzen dutela heziketa, eta kultura apalagoko herritarren umeek burua pantailan sartuta. Zergatik ez dugu onartu nahi umeentzako teknologiak adikzioa sortzeko asmatuak direla?
Ez dakit, euskaltzale, British Library-ra bidaiatzeko aukerarik izango duzun. Dakidana da Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekara edo Bidebarrietako Udal Liburutegira bisita egitea merezi duela -baita zeure herrikora ere-.
Azken batean, gainera, gozoa ere bada eta poza adiskideari, lagun kutunari, paperezko liburu txukuna oparitzea.