Zentzunak diosku sua pertsonak baino lehenagokoa dela gure planetan, ze oinaztuak, tximistak baziren gizakia sutondoan jesarri baino lehen. Gero, milaka urte igaro ostean ikasi dugu “su gaberik ez dela kerik”. Eta kea zabal-zabal kokatu dela lurraren ortzian. Ondorioz, hasierako ke txikiak handi bilakaturik, planetaren berotze globalaren arriskupean bizi gara. Konturatzen gara lurra berotu dela, bihotzak hotz ditugulako.
Gaur egun ere, emakumezkoen eta gizonezkoen bihotzeko taupadak sinkronizatze-premian daude, supazterrean batera berotu ahal izan gaitezen, baina elkar erre gabe. Sutondoa katuen zerua den bezala, geurea ere izan liteke, hauspoa errespetuz eta adiskidetasunez erabiliz gero. Ahaztu gabe, beti ere, odolak su barik irakiten duenez, denok beharko dugula izan, lantzean behin, suhiltzaile.
Suaren joan-etorriak aipaturik, euskaldunaren historiari begiratzen badiogu, behingoan ohartuko gara SU baino zaharragotzat har daitekeela SUR aldaera[1]. Berez, suan erako formak ekialde zabalean erabiltzen dira; SURTAN erakoak bizkaieraren eremuetan-eta. Hau da, Txorierriko euskaldunek gaur ere erabiltzen duten modu ber-berean hitz egiten zutela antzina: “Surtan erreta zein gozo bisigua!”.
“Sua Gabonetan txapan, San Juanetan plazan” dio atsotitzak. Orain ekainean, bagilean, plazan gara, dantzari nahiz kantari. Herriz herri bagoaz, abestietako letrak antzekoak diren arren, aldaerak dituzte. Guk boz goraz abes ditzagun hauxe letraau jarri dizugu Deriozterren euskara liburutik hartuta:
San Juan bagillea
denpora ederrean
artoak eta gariak gorde
zapoak eta sugeak erre.
Gaur dala bihar dala Doniene
etzi San Juan biha(ra)mone
gure soloan sorginik ez,
badauz bere erre direz.[2]
[1] Ikus Euskal Hiztegi Historiko-etimologikoa. (EHHE-200). Euskaltzaindia. Bilbo 2019.
[2] Derioztarren euskara: Iñaki Gaminde, Esther Elgoibar, Atotz Goikoetxea, Ziortza Sanz, Oihana Astobieta, Jon Gaminde.