Karlos V.a enperadoreak euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia a: Juan Luis Goikoetxea 2022ko uzt. 12a, 13:56

Karlos V.a, Tizianoren margolan batean

Luis Mitxelena jakitun eta ikerlari zailduak dakar 1964ko “Textos Arcaicos Vascos” liburuan albiste hau, adieraziz Lope Martinez de Isastik (1565-1626) bildua dela. 

“Karlos V.a enperadoreak (1500-1558), ohorezko oroitzapenekoak, atsegin zuen euskaraz berba egitea, dela euskaldunak zituelako medikua, kapilaua eta konfesorea, dela jakinguragatik ikasi zituelako berba batzuk; eta pertsona fidagarriengandik jakin izan dut ezen, topo eginik errepidean Nafarroako mandazain batekin itaundu ziola euskaraz:

-Mandazaya, nondic zatoz?

Eta erantzun zuen:

-Nafarroatic.

Eta gero gehiago itaundu zion:

-Nafarroan gari asco?

Eta erantzun zuen:

-Bai, jauna, asco.

Bukatu zuen Enperadoreak esanez:

-Nafarroan gari asco; batere, batere ez neretaco.

Karlos V.aren eta mandazainaren elkarrizketa hau kokatzen du Mitxelenak XVI. eta XVII. mendeetako eskuizkribu eta testu inprimatuen artean. Balio handikotzat hartzen ditu.

Gaurkotasun handiko testua da, ze ospatu berri da Amaiurko batailaren 500. urteurrena. Berez, Karlos enperadoreak agindutako eraso batek azpiratu zuen nafarren erresistentzia Amaiurko gaztelua setiatu ostean, 1522ko uztailaren 15etik 19ra.

Horrez gainera, “Nafarroan gari asko?” galderari erantzun neurtua eman beharra dago aurten, hamalau mila futbol zelaiko eremua erre da bertan-eta. Erretako arloetan asko gari-soloak izan dira. Halandaze, mandazainak ezin erantzungo luke urte honetan: “Gari asco Nafarroan”, erre ere egin baita.

AIKOR aldizkariko irakurleak badaki garia zein garrantzizko janaria izan den munduan; zenbat bider erabili den zergak ordaintzeko. Hala ere, okindegietan nahi dugun ogi mota eros dezakegun aldian, nekez uler genezake gariaren historia. Kontua da, 1936ko gudaren ostean, errotak erabiltzea galarazita zegoela Francoren diktadurapean; Aramaion, esaterako, 10 gari-zorro ekoizten baziren, bat elizari eman behar zitzaiola; Palestinako Nazareten nekazariek garia erromatarrei eta agintari erlijiosoei eman behar zietela. Ondorioz, Galileakoek, galirinik ez zeukatenez, txiroen-ogia jan behar zuten, garagarrez egina, garratza eta digeritzeko gaitza dena.

65 urte badira Txorierrin garia desagertu zela; 500 badira Carlos V.ak Nafarroa menperatu zuela. Hala ere, euskara ez da galdu, ezta Amaiur ahaztu; askok dakigu buruz Lauaxetaren “Amaiur gaztelu baltz hori…” Antton Valverdek-eta hain txairo abesten dutena.

Amayur gaztelu baltz ori

berreun gudari oro sumin—

zaintzen zaittuben zaldun onak

Naparra-aldez egin dabe zin.



Berreun gudari oso sumin

gaztelu-pian dagoz illik.

Ordutik ona, —zenbat laño—,

Naparruan ezta aberririk”.



Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).