Olentzero sinboloa erabili ohi dugu euskaldunok, eta behar dugu. Zer, bestela? On Jose Migel Barandiaranek dio gizakia sinbolo barik ez dela heltzen ideiak edukitzera, eta edukiz gero, galdu egiten direla; pertsonek sinboloak behar ditugu ideiei eusteko. Abstraktua ez dugu gogoan gordetzen zerbait konkretuari lotuta baino. Zentzu honetan, ez genuke ahaztu behar haurtzaroan, geure bizitzako lehen urteetan, ikasitako gauza asko geografiari lotuta daudela, bizi izan garen lekuari, zapaldu genuen lurrari. Toki horiek barik, oroitzapen asko desagertu egiten dira. Horrexegatik eman behar diegu lekua espazio horietan Olentzerori eta Mari Domingiri.
Olentzero kentzea izan daiteke konponbidea? Orduan zer hartu? Aita Noel? Izei apaindua? Dakiguna da, geurea kentzen badugu, kanpokoa sartuko zaigula. Olentzero baztertuko bagenu, baina, Estatu Batuetako eredua-edo etor liteke gure artera, Halloween-ekin gertatu den antzera.
Gure neska-mutil asko atzerrian bizi da: Twitterren edo Instagramen, euren pantailetan ez Mari Dominginik, ez Olentzerorik ikusi barik. Jokabide horren ondorioa –beste batzuen artean– sustraia galtzea da, errege eta erregina gezurrezkoen lurraldeetan bidaiatzea, euskararen herria ezagutu barik. Kontua da gure dantzak, Eguberrietako janariak, amamaren eta aititaren istorio hurbilak entzuten ez badira, geurea ez dugula ezagutuko, eta ikasgelako euskara bera ere geratuko dela airean, bizitza praktikotik kanpo. Ondorioz, abstraktua ez dugunez gogoan mantentzen, hala kultura nola euskara galdu egingo ditugu.